Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek emaztea hil du Sevillan arma zuri batekin

Agentziak | EITB Media

Ondoren, erasotzailea bere burua zauritzen saiatu da eta ospitale batera eraman dute, atxilotuta.

58 urteko gizon batek bikotekidea hil du arma zuri batekin, asteazken honetan, Sevillan. Ondoren, erasotzailea bere burua zauritzen saiatu da, eta ospitalera eraman dute. Han dago atxilotuta, Poliziaren zaintzapean.

Ikerketaren gertuko iturrien arabera, gizonak adin bereko emakumeari eraso dio goizeko 10ak aldera, Sevillako Pino Montano auzoan. Emakumearen alabak eman dio gertatutakoaren berri Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari, aita harekin harremanetan jarri baita ama hil duela esateko .

Gobernuak Sevillan duen Ordezkariordetzak jakitera eman duenez, VioGén sisteman ez zegoen genero-indarkeriagatiko aurretiazko salaketarik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.