Gizartea
Gertakaria
Soriako urtegi bateko uretan desagertu den Tuterako gazte baten bila ari dira
Agentziak | EITB Media
25 urteko Tuterako gazte bat da desagertutakoa. Bikotekidearekin -hori ere tuterarra- joan zen urtegira, atzo arratsaldean. Bainua hartu eta azalera bueltatzen ez zela ikusita, larrialdiei abisua eman zien emakumeak.
-
Suhiltzaileak bi orduz egon ziren atzo gorpua topatu nahian. Argazkia: EFE
Soriako Larrialdi Zerbitzuak 25 urteko Tuterako (Nafarroa) gazte baten bila ari dira, atzo arratsaldean La Cuerda del Pozo urtegiko (Soria) uretan desagertu ostean.
Zorigaiztoko gertakaria atzo arratsaldean jazo zen. 18:00ak aldera, urtegiko uretan, Playa Pita izeneko gunean, pertsona bat ito zelakoan.
Gizonezkoa bikotekidearekin zegoen (tuterarra bera, 24 urtekoa). Biek ala biek Tarazonan (Zaragoza) egiten dute lan, eta han jaieguna zela aprobetxatuta, Soriako paraje horretara joan ziren, arratsaldea pasatzera.
Bikoteak pedalo batzuk hartu zituen, eta Playa Pitako moiatik 500 bat metrotara, gizonezkoa uretan sartu zen. Azalera ateratzen ez zela ikusita, emakumeak larrialdietara deitu zuen.
"Gazteak bazekien igerian, baina ez oso ondo. Neskak, berriz, ez daki igeri egiten. Hortaz, ezin izan dio lagundu", azaldu du Miguel Latorre Espainiako Gobernuak Sorian duen ordezkariordeak.
Soriako suhiltzaileak bi orduz egon ziren gorpua bilatzen, ilundu zuen arte. Gaur goizean berrekin zaie bilaketa lanei.
Uste dute gaztearen gorpua 11-12 metroko sakoneran egon litekeela.