Gizartea
Sutea
Sute batek Gasteizko harakintza enpresa bateko bi pabilioi guztiz kiskali ditu
EITB MEDIA
Sua bart piztu zen, Ali-Gobeo industriaguneko pabilioietako batean. Ez da zauriturik izan, baina kalte materialak "oso handiak" dira. Bi pabilioi erre dituzte garrek, eta beste bostetan kalteak daude.
Gasteizko harakintza enpresa batean sutea piztu zen bart, eta bi pabilioi guztiz kiskali dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zorionez, ez da zauriturik izan.
Sua 02:45ean piztu da, argitu gabeko arrazoiak tarteko, enpresaren pabilioietako batean. Lantegia Ali-Gobeoko industriagunean dago, Bekolarra kaleko 2. zenbakian. Gasteizko suhiltzaileen hainbat kamioi eta Ertzaintza bertaratu dira. 06:00etarako lortu dute kontrolpean hartzea.
Bekolarra kalea itxita dago, suhiltzaileak freskatzeko lanetan daudelako oraindik.
Behin sua amatatuta, pabilioiak miatuko dituzte, zer dela eta piztu den ikertzen hasteko.
Kalte materialak "oso handiak" dira, suhiltzaileek zehaztu dutenez.