Gizartea
USTELKERIA
Bizkaitar bat ikerketapean, 8.000 eurotik gora lapurtzeagatik 'semea estutasunean' izeneko iruzurrarekin
EITB MEDIA
Ustezko iruzurgileak banku-transferentzia bat egiteko eskatu zion biktimari, alaba zela esanez. Emakumeak 8.691 euro bidali zizkion hiru transferentziatan.
Albaceteko Guardia Zibila 30 urteko bizkaitar bat ikertzen ari da, iruzurkeria eta dirua zuritzea egotzita, emakume bati 'semea estutasunean' izeneko iruzurra egiteagatik. Biktimak, Abaceteko Caudete herriko bizilaguna, 8.691 euro bidali zizkion, hiru transferentziatan.
Guardia Zibilak 2023ko azaroan ekin zion 'Namas' operazioaren ikerketari. Emakumeak salatu zuen alabaren mezua jaso zuela, berehalakoan kontu korronte batera banku-transferentzia bat egiteko eskatuz, arazo ekonomiko batzuei aurre egin ahal izateko. Antza denez, ustezko iruzurgileak bidali zizkion mezuak biktimari, alaba zela esanez.
Behin dirua bidalita, iruzurgileak bere herriko kutxazainetan atera zuen dirua. Azkenik, Guardia Zibileko agenteek ikerketapean dagoen gizonaren identitatea jakin ahal izan zuten, biktimak dirua bidali zuen kontu korrontearen jabea baita.
Guardia Zibilak gogorarazi du 'semea estutasunean' deritzon delituaren modus operandia honelako mezuetan datzala: "Kaixo aita/ama. Nire mugikorra apurtu da, hau da nire zenbaki berria, idatz nazazu ahal duzunean".
Biktima posibleen profila seme-alabak atzerrian dituen pertsonak izan ohi dira. Horregatik, Guardia Zibilak mezua bidali duen pertsonarekin telefonoz hitz egitea gomendatzen du, iruzurra ez dela egiaztatzeko.