Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
Bilboko genero indarkeria epaitegiek salatuei eta euren abokatuei pegatina bereizgarria jartzea erabaki dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ikertuari, haren lekukoei eta abokatuei jarriko litzaieke koloreen arabera identifikatuko lituzkeen bereizgarria, salatua eta salatzailea elkartzea eragozteko neurri gisa. Bizkaiko Abokatuen Elkargoak kexa agertu du eta neurria atzera botatzeko eskatu du.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Bilboko bi Epaitegiek ikertuei kolore-bereizgarriak jartzea erabaki dute, biktima eta salatua topatzea saihesteko.
Aner Uriarte Bizkaiko hiriburuko epaile dekanoak azaldu duenez, neurria aitzindaria da Espainiako epaitegietan eta emakumea babestea eta ez birbiktimizatzea du helburu. Bizkaiko Abokatuen Elkargoak gogor kritikatu du, ordea, errugabetasun-presuntzioa urratzea eta ikertuen "duintasuna" kolokan jartzea leporatuz.
Uriartek azpimarratu duenez, ikertuak koloretako pegatinen arabera identifikatzeko neurria -lekukoei eta abokatuei ere erabiltzeko eskatuko litzaieke- funtzionarioek kasu zehatz bakoitzean "nor den nor" jakin dezaten erabaki da, salatua eta salatzailea elkartzea eragozteko.
Zehaztu duenez, ez da arau bat, baizik eta "Emakumearen aurkako Indarkeriaren Epaitegiek beren autonomian eta independentzian hartutako barne-antolaketa modu bat, ez dute inolako baimenik behar", zehaztu du.
"Zure bikotekidea edo bikotekide ohia kartzelara eraman dezaketen gertakari batzuk salatzea gogorra bada, are gogorragoa da epaitegian bat-batean aurkitzea, bere aurkako deklarazioa egitera zoazenean", azaldu du.
Bizkaiko epaile dekanoak gaineratu duenez, Justizia Jauregiko epaitegi horietan izandako "gorabeheren" ostean iritsi da neurria eta "zentzu guztia du". Izan ere, batzuetan, instalazioetan "jende asko pilatzen da", eta kasu horiek egunean bertan konpondu behar dira, "ezin diozu esan emakume bati hurrengo egunean itzultzeko eta bitartean erasotzailearkin etxean egoteko".
Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren kexari buruz, Uriartek esan du "kolore batekin markatuta egotea desatsegina" izan daitekeela, "baina ez nator bat errugabetasun-presuntzioa urratzen duela esatearekin, berdina delako, kolorearekin edo kolorerik gabe".
"Han bazaude, ikertua zara, eta magistratuek delituen zantzuak aurkitzen badituzte bakarrik hartuko dituzte zure aurkako neurriak", azaldu du, eta abokatuak ere identifikatzeari dagokionez, "publikoki ezagutzen" dela profesional horiek delitugileen zein biktimen defentsan dihardutela argudiatu du.
Abokatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko (EAEAN) Gobernu Salan aurkeztu dute kexa. Sala horrek epaileei helaraziko die kexa euren iritzia eman dezaten, eta, ondoren, hartuko du erabakia.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Idazkaritza Koordinatzaileari era ere bidali diete kexa, "neurria berehala zuzendu" dezaten.