Gizartea
LEGEZ KANPOKO FESTA
Larunbatean Legution hasitako 'rave' bateko parte-hartzaileak identifikatu ditu Ertzaintzak
EITB MEDIA
Jaia gaur amaitu da, eta UAGA nekazarien sindikatuaren kexa eragin du. Sindikatuak salatu duenez, animaliak ura edaten duten lekura sartzea eragotzi die festak, kokapena dela eta.
-
Legutioko 'rave'-aren irudia. Argazkia: EITB Media
Araban, Legutio herrian, legez kanpoko "rave" erraldoi bat izan da larunbatetik gaur arte. 200 bat lagunek parte hartu dute musika elektronikoa ardatz duen topaketan eta dozena lagunek bertan jarraitzen zuten gaur oraindik.
Ertzaintza ingurua zaintzen eta bertatik ateratzen ari diren lagunak identifikatzen aritu da egunean zehar. Gutxienez, 50 pertsona identifikatu dituzte, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Sonia Fernandez Legutioko jarduneko alkateak Radio Vitoriari azaldu dionez, larunbateko lehen orduan izan zuten festaren berri, UAGA sindikatuaren bitartez. Jaiak, antza denez, ardiak ura edatera joatean diren eremua hartu zuen eta ganaduzaleak kexu agertu ziren. Artzain batek artalde bat lekuz mugitu behar izan zuen, bafleak eta musika altua zela eta. Orain, hurrengo egunetan ardiek abortuak izango ote dituzten beldur da.
Sare sozialetan argitaratutako bideo batean "legez kanpoko jaien zigorgabetasuna eta lehen sektorearen babesgabetasuna" salatu ditu UAGAk. Animalien Ongizatearen araudia ez betetzea leporatu die festako parte-hartzaileei eta euren lana ez egitea, berriz, ertzainei.
Arabako abeltzain eta nekazarien sindikatuak salatu duenez, jaiak ez die abereei ura edaten duten lekura sartzen utzi larunbatetik eta abeltzainak Ertzaintzaren aurrean egoera salatu dutenean, poliziak "asko direla, eta, beraz, ez dutela gaitasunik" erantzun omen die.
"Egun batzuk itxaron ditzatela festa amaitu arte, eta ea ganaduak hiru egun iraun ditzakeen urik edan gabe", oharatarazi du sindikatuak. Bideoan, gainera, gogor kritikatu dute abeltzainen protestetan izandako "kontrol zorrotzen ondoan", Ertzaintza oraingoan izaten ari den jarrera.
Ez da Legution horrelako festa bat egiten duten lehen aldia. 2021ean, 300 gaztek 30 orduko jaia egin zuten herriaren kanpoaldean eta 2022an 500 lagun bildu ziren. Festa hasi eta lau egunera, Ertzaintza agertu zen eta guztia desmontatu ondoren Trebiñura joan ziren, jaiak jarrai zezan.
ETBn inguruko nekazaletxe bateko jabeak elkarrizketatu dituzte arratsaldean eta, azaldu dutenez, ez dute zarata handirik entzun asteburu osoan, ezagutu dituzten parte hartzaileak jatorrak izan dira eta eurei ez dietela inolako arazorik eragin argi utzi nahi izan dute.