Itxi

Gizartea

Ertzaintza

Ertzaintzak ezingo du atxiloketarik egin arma zuri bat erakuste hutsagatik

EITB Media

Mehatxua delitu larria edo arina den interpretatu beharko dute agenteek, uneko egoeraren eta erasotzailearen jarreraren arabera.

  • Ertzaintzako agenteak artxibo irudi batean. Argazkia: Segurtasun Saila.

    Ertzaintzako agenteak artxibo irudi batean. Argazkia: Segurtasun Saila.

Arma zuri bat edukitze eta erakuste hutsa ez da aurrerantzean atxilotzeko arrazoi izango Ertzaintzarentzat. Hala agintzen du Josu Bujanda Ertzaintzako buruak joan den astean zabaldutako zirkular batek.

Zirkularraren arabera, "mehatxu-delitu arin batean, armak edo arriskutsuak izan daitezkeen objektuak eramateak edo erakuste hutsak ez du delitu hori astun bihurtzen".

Agenteek gertaera delitu astuna edo arina den interpretatu beharko dute eta horretarako "mehatxuaren larritasuna baloratu beharko dute gertatzen den unean, esku hartzen duten pertsonak eta aurreko, aldi bereko eta ondorengo egintzak" kontuan hartu beharko dute.

Mehatxua indarkeria matxistaren eremuan gertatzen bada, adibidez, delitu larria izango litzateke, eta, beraz, berehalako atxiloketa izango luke ondorio.

Delitua arintzat jotzen bada, ez du atxiloketarik ekarriko, baina biktimak salaketa jarriz gero, prozesu bat has daiteke eta arma konfiskatu, isuna jaso edo bestelako zigorren bat izan daiteke.