Gizartea
Eguraldia
Kanadako suteen keak zuriz estali du Euskal Herriko zerua
EITB Media
Aste hasiera honetan Kanadako kea nabari da ia Europa osoan, baina iragarpenaren arabera, bihartik aurrera desegin egingo da.
Ez da ez kalima, ez hautsa eta ezta lainoa ere. Kanadako suteen kea Euskal Herrira eta Europara iritsi da, eta horregatik nabari zaio kolore zuri edo zikin hori zeruari.
Zehazki, azken asteetan Kanadako Columbia Britainiarrean piztutako baso suteetatik datorren kea da.
Jose Antonio Aranda Euskalmeteko zuzendariak Radio Euskadin azaldu duenez, gaurko egunean zehar ke zuria gutxitu egingo da, gauetik aurrera desagertu arte. Osasunarentzat arriskutsua izan ote daitekeen galdetuta, kearen kontzentrazioa "oso txikia" dela azaldu du eta, izatekotan, eragin "arina" izan dezakeela asma dutenengan.
Arnaitz Fernandez EITB Mediako meteorologoaren arabera, aipaturiko ke kontzentrazioak 5.000 metrotik gorako altueran daude eta "badirudi ez duela ondoriorik izango". "Kanadako suteetatik iritsitako keak ez du eraginik izan gure airearen kalitatean", gaineratu du.
Bestalde, Mark Parrington Klima aldaketarako Europako Copernicus zerbitzuko zientzialariak azaldu duenez, azken egunotan AOD "balio altuak" nabaritu dira Europako ipar-mendebaldean.
Long-range transport of smoke from W Canada #wildfires across the Atlantic reaching NW Europe in the last couple of days with high aerosol optical depth values (AOD > 1) in the #CopernicusAtmosphere forecast from 18 August 00 UTC https://t.co/7DOc2lE283 @CopernicusECMWF @ECMWF pic.twitter.com/YdgdToIbeu
— Mark Parrington (@m_parrington) August 18, 2024
Aurtengo abuztuan 900 baso sute izan dira aldi berean, gehienak mendebaldean. Iaz, sugarrek 17 milioi hektarea kiskali zituzten Kanadan.