Gizartea
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA
Emazteari eraso egiten saiatu zen ertzainak genero aldaketa eskatu zuen azaroan
EITB MEDIA
Eskaera horrek eragotzi egingo luke "genero indarkeriagatik" inputatzea. Epaileak, oraingoz, mehatxu larrien delitua egotziko dio soilik.
Epaileak urruntze-agindua ezarri dio Donostian emazteari eraso egiten saiatu zen ertzainari. Emakumeak ihes egitea lortu zuen, eta Ertzaintzari hots egin zion. Erasotzailea karguekin aske utzi dute, eta epaileak mehatxu larrien delitua egotziko dio soilik.
Atxiloketaren unean genero-indarkeriako eta etxeko indarkeriako delitu batengatik inputatu zuten arren, azkenean, mehatxu larriak egiteagatik baino ez zaio inputatu. Izan ere, EITBk jakin ahal izan duenez, pertsona horrek joan den azaroan genero-aldaketa eskatu zuen, eta horrek eragotzi egingo luke "genero-indarkeriagatik" akusatzea edo inputatzea. Gainera, aipatu iturrien arabera, pertsona horrek ez zion bere inguruari genero-aldaketa horren berri eman.
Larunbat goizaldean, bikotekideari aizto batekin eraso egiten saiatu zen, eta bi alaba txikiak ere mehatxatu zituen.
Donostiako Udalak erabat gaitzetsi du erasoa, "emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpenik higuingarriena" baita. Gipuzkoako Foru Aldundiak "salaketa eta gaitzespen irmoena" adierazi du, eta "emakumeen duintasuna eta osotasun fisikoa eskubide bortxaezinak" direla azpimarratu du.