Itxi

Gizartea

OSASUN LARRIALDIA

Lau mpox kasu berri atzeman dituzte Espainian, denak aldaera zaharrekoak

EITB MEDIA

Dagoeneko 268 dira Estatuan atzemandako kasuak 2024. urtean. "2022an izan genituen 7.500 kasuak baino askoz gutxiago dira", adierazi dute Osasun Ministeriotik.

  • EITB MEDIA

    EITB MEDIA

Azken hamar egunetan lau mpox kasu berri atzeman dituzte Espainiar Estatuan, denak aldaera zaharrekoak, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez; beraz, 268 kasu zenbatu dituzte dagoeneko 2024. urtean.

"2022an izan genituen 7.500 kasuak baino askoz gutxiago dira", adierazi du Javier Padilla Estatuko Osasun idazkariak, Ministerioak zabaldutako bideo batean.

Gainera, astelehen honetan, Osasun Ministerioak bilera bat izan du hainbat erakunderekin, mpox agerraldiak eragindako nazioarteko osasun-larrialdiaren ondoren egin beharreko jarduerak bateratu eta eztabaidatzeko.

Hala, Ministerioak erabaki du, Osasunaren Mundu Erakundearekin (OME) eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroarekin (ECDC, ingelesezko siglak) bat etorriz, ez dela bidaia-murrizketarik ezarriko, ezta mugetan kontrolik ere.

Gainera, Osasun Sailak iragarri du astero argitaratuko dela mpoxaren txosten epidemiologikoa (orain arte hilerokoa izan da).