Itxi

Gizartea

Ingurumena

Natura lehengoratzera behartzen duen Europako legea, indarrean

Agentziak | EITB Media

Neurriak onartzea EBko kideei dagokie, baina basoak birpopulatzea, basamortuak hezetzea eta ibaiak berezko ibilgura itzultzea aurreikusten da, besteak beste. Nekazariak beldur dira lege horrek sektoreari murrizketa handiak ezarriko ote dizkion.

  • Saibigain, Abadiñon.

    Saibigain, Abadiñon. Argazkia: Victor Uriarte

Europako Batzordeak iragarri duenez, indarrean sartu da natura lehengoratzeko legea, habitatak beren egoera naturalera itzultzeko helburua duen Europar Batasunaren araua. Ekainaren erdialdean onartu zen, hilabete batzuk geldirik egon ondoren Kontseiluan adostasunik ez zegoelako.

Legearen bitartez, EBk helburutzat jarri du gutxienez lurren eta itsasoko eremuen % 20 berreskuratzea 2030erako, eta behar duten ekosistema guztiak berreskuratzea 2050erako. Horretarako, basoak birpopulatzea, basamortuak hezetzea eta ibaiak berezko ibilgura itzultzea aurreikusten dute, besteak beste.

Hala ere, nekazariak beldur dira lege horrek sektoreari murrizketa handiak ezarriko ote dizkion. Batzordearen arabera, EBko estatu bakoitzeko gobernuari dagozkio estatu bakoitzean aplikatu beharreko neurriak zehaztea.

Gaur egun, habitaten % 80 inguru egoera txarrean daude, EBko datuen arabera. Horren esanetan, lurren % 70ek egoera osasungaitza dute, eta erle eta tximeleta espezieen % 10 desagertzeko mehatxupean daude.

Gehiengo estuarekin onartu zen legea, eztabaida luze eta sutsua izan ondoren, Austriak jarrera aldatzeari esker, hasierako testuaren bertsio leundu baten alde bozkatu baitzuen azkenean.

Horrela, bada, biodibertsitateari buruzko Europako lehen lege honek aurrera egin du 20 estatu kideren aldeko botoarekin, Belgikaren abstentzioarekin eta Finlandia, Italia, Hungaria, Polonia, Suedia eta Herbehereetako gobernuen gaitzespenarekin, gastu handia eta nekazaritzaren sektorean izan dezakeen eragina argudiatuta.