Gizartea
Gertakaria
Igorreko 22 urteko gazte bat itota hil da Ourenseko ibai batean
EITB Media
Sakonera txikiko eremu batean desagertu eta berehala topatu zuten Mente ibaian. Suspertzen saiatu arren ezin izan zuten ezer egin gazte bizkaitarraren bizia salbatzeko.
Igorreko 22 urteko gazte bat itota hil da Ourenseko ibai batean. Rios udalerrian oporrak pasatzen ari zen gazte igorreztarra lagun batzuekin batera joan zen Mente ibaian bainu bat hartzera larunbat arratsaldean. Inguru horretako bainu-gunea ez da oso sakona, garaiera normaleko pertsona batek arazorik gabe egiten baitu oin.
Edonola ere, uretan zeudela gazte igorreztarra azalera ez zela itzultzen ikusita bilatzen hasi eta berehala aurkitu zuten. Inguruan zegoen bainulari bat, erizaina lanbidez, suspertzen saiatu zen larrialdi zerbitzuak iritsi bitartean, baina ez zuen lortu.
Ourenseko helikoptero medikalizatua ere hurbildu zen ezbehar lekura. Hildako gaztearen heriotzaren nondik norakoak Auzitegiko medikuak argitu beharko ditu.
Igorrekoa bazen ere, mutilak uda guztietan familiarekin batera amaren aldeko aitona-amonen etxean, Covelas herrian, izaten zituen opor-egun batzuk. Han ezezik, Igorren ere zirrara handia eragin du gaztearen heriotzak, eta Udalak bere "doluminak eta babesa" helerazi dizkie hildakoaren senide eta lagunei.