Itxi

Gizartea

andre maria zuriaren jaiak

Andre Maria Zuriaren jaietan izandako giro ona nabarmendu du Gasteizko alkateak

eitb media

Maider Etxebarriak adierazi du jaietako puntu beltza sexu-erasoak izan direla, eta Zeledonen lekukoa hartu duen Iñaki Kerejazuren estreinaldia nabarmendu du.

  • Andra Maria Zuriaren plaza jendez lepo Zeledonen jaitsieran. Argazkia: EFE

    Andra Maria Zuriaren plaza jendez lepo Zeledonen jaitsieran. Argazkia: EFE

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak gaur, larunbata, komunikabideen aurrean egindako balantzean, esan duenez, Andre Maria Zuriaren aurtengo jaiek "giro onean urrezko domina" irabazi dute.

Balantze "oso positiboa" egin du Etxebarriak, Foru Plazako kontzertuetan bildutako ikusleen kopuruak marka guztiak hautsi baititu. Guztira, 130.000 pertsona baino gehiago joan dira kontzertu eta orkestren emanaldietara, iaz baino 20.000 gehiago, eta horietatik 60.500 Foruen Plazako kontzertuetara joandakoak dira.

Bestalde, jaietako "puntu beltza" salatu dituzten hiru sexu-erasoak izan direla adierazi du. Ostiralean hainbat kontzentrazio egin ziren erasoak gaitzesteko.

Zeledon berriaren lekukoa hartu duen Iñaki Kerejazuren lana ere azpimarratu du Gasteizko alkateak, Gorka Ortiz de Urbinarentzat "errelebo bikaina" izan dela esanez. "Estreinaldi bikaina izan du", azpimarratu du Etxebarriak.

Lapurretei dagokienez, iazko jaietan baino gutxiago salatu dira; hala ere, 77 diru-zorro lapurtu edo galdu dira, eta 247 mugikor ostu dira.

Gainera, merkatariak eta ostalariak pozik daudela azpimarratu du alkateak, jaietan negozioek martxa ederra izan baitute: hotelen okupazioa % 85-90ekoa izan da.