Gizartea
Indarkeria matxista
Blusen eta Nesken Batzordeak bart gertatutako lau eraso matxista salatu ditu Gasteizen
EITB Media
Bestalde, Mugimendu Feministak zortzi eraso matxista salatu ditu jaien lehen bost egunetan.
Blusen eta Nesken Batzordeak egindako salaketaren arabera, bart goizaldean lau eraso matxista izan dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, eta arratsaldean paseotxoa gelditu dute, "horrelako ekintzak erabat gaitzesteko".
Sergio Gonzalez Batzordeko presidentearen hitzetan, Blusen eta Nesken Batzordeak jakin duenez, emakumeen aurkako lau eraso izan dira ostegunetik ostiralerako gauean. Horren aurrean, ostegunean egin bezala, blusek eta neskek bueltako paseotxoa gelditu dute, eta alboetara joan dira, publikoaren ondora, kalea hutsik uzteko.
Ondoren, isilunea egin dute, eta horren ostean, indarkeria matxista "gaitzesteko " eta "biktimei babesa emateko" agiri bat irakurri dute. Irakurketa amaitutakoan, Arabako hiriburuko jaietako azken eguneko paseotxoarekin jarraitu dute. Blusen eta Nesken Federazioak bat egin du protestarekin.
Bestalde, Mugimendu Feministak zortzi eraso matxista salatu ditu jaien lehen bost egunetan, eta beste mobilizazio bat deitu du ostiralerako, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Eguerdian, Gasteizko Udalbatzak elkarretaratze isila egin du, jaietan izandako eraso matxistak gaitzesteko. Maider Etxebarria alkateak bi sexu-eraso baieztatu ditu, eta erasotzaileetako bat atxilotu dute jada, baina beste hiru kasu egon daitezkeela esan du alkateak. Hala ere, bitan ez dela salaketarik jarri eta hirugarrenak adingabe bati eragiten diola zehaztu du.
Udaletxe aurrean bildutakoek azken egunetan salatutako bi sexu-erasoak arbuiatu dituzte, eta gizonezko bat atxilotu dute orain arte. Halaber, ukitu kasu bat izan zen asteartean, eta erasotzailea atxilotu zuten.
Era berean, kolektibo feministek protesta egin dute Gasteizko txosnagunean.
Argazkia: EFE