Gizartea
Eguraldia
40 gradu inguruko tenperatura izango da Euskadin asteburuan
EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du iganderako, eta ez da baztertu alarma gorrira zabaltzea.
-
Argazkia: EFE
Asteburu hau beroenetakoa izango da. Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak Radio Euskadin adierazi duenez, tenperaturak 40 gradu ingurukoak izango dira. Mendi tontorretan ere, Gorbeiako Gurutzean, esaterako, 27-28 gradura iritsiko dira. Igande arratsaldean freskatuko da giroa, ipar-mendebaldeko haizea sartuko baita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du iganderako, muturreko tenperatura oso altuak espero baitira 13:00etatik 21:00etara, eta baliteke alarma gorrira zabaltzea. Larunbatean, abisu horia ezarriko du muturreko tenperatura oso altuak izango baitira iragaite-zonan eta Ebro ondoko eskualdean 13:00etatik 21:00etara. AEMETek ere, abisua ezarri du beroagatik Nafarroan.
Arandaren hitzetan, larunbatetik iganderako gaua oso beroa izango da, eta tenperaturak igotzen jarraituko du igandean. "Bero handiko eguna izango da, asko berotuko du. Egun bat baino ez da izango, baina tenperatura oso altua izango da", adierazi du.
Igande arratsaldean, ipar-mendebaldeko haizea sartuko da, eta horrek giroa freskatuko du kostaldetik barnealdera, Arabako Errioxan izan ezik.