Gizartea
BOCAS DE TORO
Bi gizon atxilotu dituzte Panaman, Eneritz Argintxona bizkaitarraren hilketarekin zerikusia dutelakoan
EITB MEDIA
Bocas de Toro eskualdeko Fiskaltzak aginduta egin dituzte atxiloketok. 39 eta 20 urteko bi gizonezko dira atxikitakoak, eta epailearen aurrera eramango dituzte aurki.
-
Panamako Poliziak atxilo hartutako 39 urteko gizona. Argazkia: EITB Media
Panamako Poliziak bi gizon atxilotu ditu Eneritz Argintxona 30 urteko bizkaitarraren hilketarekin zerikusia dutelakoan. Erandioko bizilaguna hilotz topatu zuten uztailaren 26an Carenero uharteko (Bocas de Toroko artxipelagoa) hondartza batean, buruan kolpea zuela.
Bocas de Toroko Fiskaltzak aginduta egin dituzte atxiloketok. 39 eta 20 urteko bi gizaseme dira atxilo hartutakoak, eta aurki eramango dituzte epailearen aurrera. Lehena "Leche" izengoitiarekin da ezaguna.
Zabaldu denez, Eneritz Argintxonaren hainbat gauza topatu dituzte bi gizon horien etxebizitzan.
Lapurreta eta hilketa delituak egotzi diete bi gizonezkoei.
Argintxonaren gorpuzkiak asteon heldu dira Euskal Herrira, eta gaur egingo dute bere aldeko hileta elizkizuna, jaioterrian, Erandion (Bizkaia).