Gizartea
Ezbeharra, Afrikan
Getxoko familiako aitak sendagiria jaso du, eta semeak larri jarraitzen du Nairobiko ospitale batean
EITB Media
Ibigailuaren gidaria ere hil egin da, EITBk jakin duenez. Bien bitartean, Jeep-istripuan hildako ama-alaben gorpuak ahalik eta azkarren aberriratzeko lanean ari dira erakundeak. Ngorongoroko parke naturalean dagoen kraterraren inguruan izan zen ezbeharra, igande arratsaldean.
-
Semea ingresatuta dagoen Nairobiko Aga Khan ospitalea. Argazkia: EITB Media
Iñigo Lomasek, Ngorongoroko (Tanzania) parke naturalean jeep istripu batean zauritutako aita getxoztarrak, alta jaso du asteazken honetan, EITBk jakin ahal izan duenez. Bien bitartean semeak larri jarraitzen du, saihetsak hautsita eta birikak zulatuta dituela, Nairobiko ospitale batean (Kenya). Ibilgailuaren gidaria ere hil egin da asteazken honetan.
Betalde, ezbeharrean zendutako Elena Renteria eta Ines Lomas ama-alaben gorpuak lehenbailehen Euskal Herriratzeko izapideak bideratzen ari dira erakundeak. Familiako hainbat kide ere Tanzaniara joanak dira, dagoeneko.
Ngorongoron dagoen kraterraren inguruan izan zen istripua, igande arratsaldean. Familia zeraman lur orotariko ibilgailua 600 metrotik amildu zen, eta bi emakumeak bertan hil ziren.
Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak etxekoei doluminak helarazi eta behar duten laguntza emateko prestutasuna adierazi diete. Hala, Gasteizko Gobernuaren Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza, Espainiako Atzerri Gaietako Ministerioarekin elkarlanean, Tanzaniako agintariekin harremanetan dago, egoera bideratzen laguntzeko.
Bi adingabeek (alabak 17 urte zituen eta semeak 15 ditu) Ikastetxe Frantsesean ikasten zuten, Zamudion, eta biek biek belar hockeyean jokatzen zuten, mutikoak ikastetxean bertan, eta neskak Getxoko Hockey Stick klubean. Talde hori "atsekabetuta" agertu da zorigaiztoko albistearekin, eta gaurko ekitaldia deitu du Faduran, neska gaztea gogoratzeko.
Ezbeharraren lekuko izan zen gida batek, atzo, Radio Euskadin azaldu zuenez, istripua izan zen lekuan bihurgune oso itxia eta aldapa handia dago. Esperientzia handia behar dela esan zuen, inguru hartan ibilgailu bat gidatzeko.
Tanzaniako toki turistikoenetakoa bisitatzeko jeepetan sei pertsona joaten dira gehienez, eta familia bizkaitarra kolpatutako istripua zerbait puntuala dela azaldu du Lore Uranga Basque Destination bidaia-agentziako kideak.