Gizartea
AFRIKA
Bi turistak zeramatzan ibilgailua irauli eta amildu zen Ngorongoroko kraterraren inguruan
EITB MEDIA
Istripuaren lekuko izan zen gida turistiko batek Radio Euskadin baieztatu duenez, bihurgune itxiko eta aldapa handiko toki batean izan zen ezbeharra. Esperientzia handia behar dela esan du, inguru horretan gidatzeko. Ibilgailua erori zen tokira iristea oso zaila dela ere azaldu du.
Bi euskal herritar, ama-alaba getxoztarrak, hil dira Tanzanian, Ngorongoroko parke naturalaren inguruan. Joan den igande arratsaldean izan zen ezbeharra, eta istripuan familia bereko aita-semeak zauritu ziren.
Gaur goizean, ezbeharraren lekuko izan zen gida turistikoetako bat elkarrizketatu dute Radio Euskadin. Azaldu duenez, bi euskal turistak zeramatzan ibilgailua irauli eta errepide bazterretik amildu zen, Ngorongoroko kraterraren inguruan. "Bihurgune oso itxia eta aldapa handia dago. Uste dut gidariak ez zuela ibilgailuaren martxak azkar aldatzerik izan, eta ondorioz, atzera egin zuen, irauli eta kraterrerantz amildu zen", kontatu du.
Safari batetik bueltan zihoazela izan zen istripua, eta lekukoaren arabera, esperientzia handia behar da ibilgailu bat gidatzeko inguru horretan. Ezbeharraren ondoren, bertan zeuden gidak eta lekukoak izan ziren zaurituei lagundu zietenak. Antza, ibilgailua erori zen lekura iristea oso zaila da eta bizkar gainean atera zituzten zaurituak. "Guk atera genituen bizkar gainean zaurituak goraino, eta handik Gobernuaren anbulantzian eraman zituzten ospitalera".
Atzerri Gaietako Ministerioak jakinarazi du Tanzaniako enbaxada "beharrezko izapide guztiak" bideratzen ari dela, biktimei eta familiei laguntzeko. Gertatutakoa nola eta zergatik gertatu den argitzeko, informazioa biltzen ari dira.