Itxi

Gizartea

Gertakaria

Bi atxilotu Basaurin, Ertzaintzaren bi autoren aurka jo eta lau agenteri lesioak eragiteagatik

Agentziak | EITB Media

Gainera, kalteak eragin dituzte auto partikular batean eta lonja bateko pertsianan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu bart Basaurin, auto bat lapurtu, bi polizia-autoren aurka jo eta lau agenteri lesioak eragiteagatik.

Gainera, kalteak eragin dituzte auto partikular batean eta lonja bateko pertsianan, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gauerdian, herritar batek Ertzaintzari jakinarazi dio bi pertsona ibilgailu batekin derrapatzeak egiten ari zirela Basauriko Kareaga auzoan.

Bertaratutako agenteek ibilgailuari bidea blokeatu diote, baina gidariak, agenteen aginduei jaramonik egin gabe, atzera-martxa sartu eta abiadura handian ihes egiten saiatu da, eta kalte handiak eragin ditu lonja baten atean. Gero, abiadura hartu du berriro, eta bidea itxi dion polizia-ibilgailuaren kontra jo du. Agenteetako batek bidetik alde egin behar izan du harrapa ez zezan, eta besteak kolpe handia hartu du.

Ihesean zihoala, lankideei laguntzera joan den beste polizia-auto bat jo du, baita aparkatuta zegoen ibilgailu partikular bat ere.

Agenteek gidaria atxilotu duten bitartean, kopilotua ihes egiten saiatu da, baina handik gertu atxilotu dute.

Atxilotuek polizia-aurrekari ugari dituzte, eta beharrezko eginbideak amaitutakoan eramango dituzte epailearen aurrera.