Itxi

Gizartea

Polonia

Pablo Gonzalez aske geratu da Errusia eta Mendebaldearen arteko preso truke handi batean

EITB Media

Gerra Hotzetik egin den preso trukerik handiena da. Errusiak eta Bielorrusiak, alde batetik, eta AEBk, Poloniak, Alemaniak, Esloveniak eta Erresuma Batuak, bestetik, dozenaka preso aldatzea adostu dute. Abokatuak azpimarratu du Errusiak konponbidea bilatzeko interesa erakutsi duela.

0:29
Pablo González.

Pablo Gonzalez jatorri errusiarreko euskal kazetaria aske geratu da, EITBk baieztatu ahal izan duenez, Gerra Hotzaz geroztik preso trukerik handienean parte hartu ostean. Bi urte eta erdi inguru zituen preso, eta ez zuten haren aurkako kargurik aurkeztu.

Errusiak eta Bielorrusiak, alde batetik, eta AEBk, Alemaniak, Esloveniak eta Erresuma Batuak, bestetik, dozenaka preso trukatzea adostu dute, besteak beste, kazetariak, Vladimir Putinen erregimenaren aurkariak, hacker errusiarrak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Gonzalezen askapena bi blokeen arteko elkartruke masiboaren baitan kokatzen da, baina, zehazkiago, Gonzalo Boye abokatuak azaldu duenez, Errusia eta Poloniaren arteko kazetari presoen truke baten barruan egin da. Zentzu horretan, "egun espetxean dauden kazetari guztien askatasunaren aldeko mugarri garrantzitsua da".

Boyek azaldu duenez, arrazoi humanitarioak "funtsezkoak" izan dira erabakian, eta "kazetaritzak gizartean duen balioa eta garrantzia" aitortzen dute. Trukerako, bi aldeek lege-esparru egokia bermatu dute Gonzalezen eta kartzelan dauden gainerako kazetarien eskubideak errespeta zitezen.

"Nabarmentzekoa da Errusiako agintariek benetako interesa erakutsi dutela egoera horri irtenbidea bilatzeko, eta beste batzuk, berriz, Pablo Gonzalez kriminalizatzean zentratu dira nagusiki, hura defendatu eta kazetari gisa dituen eskubideak babestu beharrean", gaineratu du Boyek.

Ia bi urte eta erdiko "espetxeratze bidegabearen" ondoren, euskal kazetaria, "kazetaritzan egindako lanagatik eta egiarekiko konpromisoagatik aintzatetsia", aske dago berriro.

Jacek Dobrzynski Poloniako Barne Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez, Gonzalez trukean sartzeko erabakia "Polonia eta AEBen arteko lotura estuetan", "aliatuen lankidetzan", "segurtasun interes komunetan" eta "balio demokratikoen ulermen berean" oinarritu da.

Pablo Gonzalez Errusiara eraman dute, errusiar herritar gisa, Kremlinek negoziazioaren mahai gainean jarri dituen gainerako presoekin batera.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Moskuko aireportura iritsi direnean askatu dituzten presoak agurtu ditu. Putinek eskua eman die hamar preso errusiarrei hegazkin lurreratu berriaren ondoan, ohorezko guardia batek osatutako segizio baten erdian.

Jaitsi denean, Anna Dultsevek, askatuetako batek, lore-sorta bat jaso du, TASS albiste-agentziaren arabera. Azken hori Artem bikotekidearekin zihoan. Vladislav Klyushin, Vadim Konoshtxenko, Roman Seleznev, Mijail Mikushin eta Vadimir Krasikov --presorik garrantzitsuena, Alemaniak askatua-- dira espetxetik atera direnetako beste batzuk. Trukean bi adingabe ere izan dira tartean.