Itxi

Gizartea

Bero-bolada

Alerta laranja indarrean da muturreko tenperaturengatik

EITB Media

Alerta 13:00etan sartu da indarrean Hego Euskal Herrian, 40 gradutik gertu ibiliko baitira tenperaturak. Kostaldean eta Iparraldean abisu horia izango da, baina horietan ere bero sapa izango da nagusi.

  • Neska bat iturri batean fresakzten. EFE.

    Neska bat iturri batean freskatzen. Argazkia: EFE

EAEn, Nafarroa erdialdean eta Pirinioetan indarrean da alerta laranja muturreko tenperaturak tarteko, 37 eta 39 gradu arteko tenperaturak espero baitira. Euskal kostaldean, Nafarroako Erriberan eta isurialde atlantikoan abisu horia dago indarrean 37-38 graduko tenperatura maximoengatik.

Iparraldean ere abisu horipean dira egun osoan, 30 ºC-etatik gora kokatuko baitira termometroak egunaren erdialdean, eta gaualdera zertxobait freskatuko badu ere, ez dira 20 ºC-tik jaitsiko. 

Asteartean, berriz, alerta laranjan egongo dira Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean eta Erriberan. Nafarroa eta erdialdean eta Pirinioetan abisu horia egongo da, baita Bizkako kostaldea ere. Nolanahi ere, denean 35 ºC-tik gorako maximoak espero dira, eta 39 ºC-rainokoak Ebro inguruan.

Kostaldean abisu horia egongo da bi egunetan, eta tenperatura maximoak 33 gradu ingurukoak izango dira. 

2. arrisku maila

Bere aldetik, Gasteizko Udalak gaurko eta biharko aurreikusitako tenperatura altuak direla eta, Bero Planeko 2. arrisku maila aktibatu du 13:00etan.

Herritar guztientzako eta udal-langileentzako gomendioak jasotzen ditu, besteak beste, Udalaren Bero Planak. Arreta berezia eskatu dute 13:00etatik 20:00etara bitartean, termometroak gehienezko tenperatura maximoetara iristea espero denean.

Igandeko beroenak

Aurreikuspenek ez zuten hutsik egin eta igandea egun beroa izan zen Euskal Herri osoan.

Termometroek 15 eta 20 ºC artean markatzen zituzuela abiatu da eguna eta behin igotzen hasita, kosta zaio toki askotan goia jotzea. Ia denean gainditu dira igandean 30 ºC-ak.

Casedan, Nafarroan, neurtu da tenperaturatik altuena, 38,4 ºC arratsaldeko 15:30ean. Nafarroan bertan 37,5 ºC neurtu dira Bardeetan eta 37,3 ºC Noaingo Aireportuan, Iruñean. 37 ºC horietatik oso gertu ibili dira Nabaskozen  eta Larragan ere, bietan 36,8 ºC izan baitituzte egunaren unerik beroenean. 

Nafarroaz kanpo ere, Araba hegoaldean, Zambranan, aise gainditu dituzte 37 º C-ak, izan ere, 16:00etan 37,6 ºC-tan ziren termometroak. 

Oñatin 35,3 ºC-ra iritsi da merkurioa eta Baionan 34 ºC-ra. Abetxukon 33,9 ºC, Galdakaon 32,5 ºC, Behobian 32,2 ºC eta Zorrotzan 31,5 ºC neurtu dituzte.