Itxi

Gizartea

Desagerpena

Emakume bizkaitar baten desagerpena ikertzen ari dira Panaman

Agentziak | EITB Media

Ertzaintzak eta Panamako agintariek ikerketa abiatu dute argitzeko Carenero uhartean topatu duten gorpua desagertutako emakumearena den. DNA probak agindu ditu Panamako Poliziak.

  • Panaman gorpua topatu duten tokiko argazkia. Argazkia: @PGN_PANAMA

    Panaman gorpua topatu duten tokiko argazkia. Argazkia: @PGN_PANAMA

Ertzaintza eta Panamako agintariak emakume bizkaitar baten desagerpena ikertzen ari dira, Ameriketako herrialde horretan gorpu bat topatu ondoren. Emakumea asteazkenean ikusi zuten azkenengo aldiz.

Segurtasun Sailak esan duenez, euskal herritarraren familiak ostiralean jo zuen Ertzaintzarenera, Erandioko emakumea Panaman desagertuta zegoela salatzeko.

ETBk jakin duenez, 30 urteko emakumea lanean ari zen Panaman. Carenero uharteko ostatu batean zegoen, Bocas del Toro artxipelagoan, eta asteazkenean ikusi zuten azkenengo aldiz, ostatutik irten zenean. Familiak desagerpena salatu du aste honetan, Ertzaintzaren eta Panamako agintarien aurrean.

Bestalde, Panamako Telemetro Reporta hedabideak zabaldu duenez, gorpu bat topatu dute uharte bereko hondartza batean, eta "emakume atzerritar" batena izan daitekeela esan dute. 

Homizidio sailak darama momentuz kasua, eta DNA probak egitea agindu du larunbatean, deskonposizio egoeran dagoela-eta ezinezkoa baita hura bestela identifikatzea. 

Ertzaintzak ohiko protokoloa abiarazi du, eta Panamako agintariekin harremanetan jarri da gorpua identifikatzen saiatzeko.