Itxi

Gizartea

Bizitza Marten

NASAk haitz bat aurkitu du Marten, duela milaka milioi urteko bizitza mikroskopikoaren seinaleak dituena

AGENTZIAK | EITB

Harkaitzak ezaugarri kimikoak eta egiturak ditu, seguruenik duela milaka milioi urte sortutakoak, inguru hartan ur biziak zeudenean.

  • NASAren 'Perseverance' roverra. Argazkia: Elhuyar Fundazioa

    NASAren 'Perseverance' roverra. Argazkia: Elhuyar Fundazioa.

'Perseverance' NASAren ibilgailu robotikoak kuriositatea eragin duen arroka bat aurkitu du Marten ('Cheyava Falls' izena jarri diote), Jezero kraterrean. Zientzialarien ustez, baliteke horrek adieraztea duela milaka milioi urte haitz horretako erreakzio kimikoek bizitza mikrobianoa sustatu izana.

NASAren arabera, betaz beteta dagoen eta gezi-punta baten itxura duen harri horrek ezaugarri "liluragarriak" ditu, eta baliteke horrek argitzen laguntzea askok buruan duten galdera hau: bizitza mikroskopikoa izan zen iraganean Marten?

Ibilgailu esploratzaile horretako tresnen lehen azterketek ondorioztatu dutenez, harriak antzinako bizitzaren zantzuak izan daitezkeenak omen ditu. Harkaitzak ezaugarri kimiko eta egitura bereziak ditu, milaka milioi urte dituztenak antza, inguruan ur biziak zeudenean sortutakoak seguruenik.

Zientzialariak bertan atzemandako ezaugarriak azalduko lituzketen beste aukera batzuk ari dira aztertzen, baina ikerketa gehiago beharko dira jakiteko antzinako izaki bizidun baten arrastoak diren.