Itxi

Gizartea

Bizkaia

Txorierriko alkateek azalpenak eskatuko dizkiote Defentsari hegazkinen maniobra militar zaratatsuengatik

EITB Media

Asteazken gauean bi ehiza-hegazkinek lurretik gertu egindako ariketek Loiuko aireportu inguruko herritarren ezinegona eragin du.

  • Eurofighter hegazkina.

    Eurofighter hegazkina. Artxiboko irudia: Espainiako Aireko Armada

Txorierriko (Bizkaia) udalerrietako alkateak testu bat prestatzen ari dira Defentsa Ministerioari bidaltzeko, ehiza-hegazkinen maniobra militarrengatik azalpenak eskatzeko. Zenbaitetan, bizilagunentzat burrunba gogaikarria eragin dute. Datozen egunetan emango dute ekimenaren berri.

Azken ariketa militarra bi ehiza-hegazkinek egin zuten asteazken gauean, eta Txorierriko eta Uribe eskualdeko herrietan entzun ahal izan zen. 100 dezibeletik gorako zarata eragin zuten, etxeetako kristalak dardarka jarri zituzten eta lo zegoen jendea esnatu zuten.

Bizilagunek diotenez, ekainean beste ehiza-hegazkin bat igaro zen ingurutik. Maniobra horien ondorioek polemika sortu dute Bilboko aireportutik gertu dauden udalerrietan, eta bizilagunek neurriak eskatu dituzte, baina orain arte Ministerioari egindako eskaerek ez dute inolako emaitzarik izan.