Itxi

Gizartea

Alerta meteorologikoak

Alerta laranja muturreko beroagatik ia Euskal Herri osoan

Mikel Dominguez | EITB Media

Alerta gaur hasi da Nafarroan, eta bihar, astelehenan helduko da txarrena Euskal Autonomia Erkidegora. Barnealdean ia 40 graduko tenperatura maximoak aurreikusten dira.

  • Beroa Gasteizen.

    Beroa Gasteizen. Artxiboko irudia: EFE

Euskalmetek eta Aemetek alerta meteorologikoak aktibatu dituzte datozen orduetan bero handia espero baita. Gaur, igandea, maximoak 40 gradu ingurukoak izango dira Nafarroan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, beroenak bihartik aurrera neurtuko dira.

Aemetek alerta laranja ezarri du iganderako tenperatura maximoengatik, 13:00etatik aurrera, ia Nafarroa osoan. Maximoak 39 gradukoak izan daitezke Erriberan eta lurraldearen erdialdean. Pirinioetan, 37 gradura iritsi daitezke maximoak; Nafarroako isurialde atlantikoa soilik libratuko da.

Astelehenean, Aemetek alerta maila bera mantenduko du erdialderako eta Pirinioetarako, 39 graduko maximoak espero baitituzte. Erriberan eta isurialde atlantikoan (Foru Erkidegoko bi muturrak) abisu horia izango da indarrean, tenperatura maximoak 37-38 gradukoak izango baitira Pirinioetan eta hegoaldean.

Asteartean, berriz, Erribera alerta laranjan egongo da, eta erdialdean eta Pirinioetan abisu horia egongo da. Nolanahi ere, 35 gradutik gorako maximoak espero dira, eta 39rainokoak Ebro inguruan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Euskalmetek alerta maila laranjara igo du. Igandean, lurralde osoa egongo da abisu horipean muturreko tenperatura altu eta iraunkorrak iragarri dituztelako.

Okerrena astelehenean iritsiko da, barnealde osoa alerta laranjapean egongo baita. Tenperatura maximoak 38 gradu ingurukoak izan daitezke isurialde atlantikoko barnealdean eta 37 gradu ingurukoak Ebro ondoko eskualdean eta iragaite-zonan. Arratsaldean, haizearen aldaketak isurialde atlantikoko barnealdearen egoera arindu dezake.

Astearterako ere, alerta laranja ezarri du Euskalmetek, tenperatura altu iraunkorrengatik. Ipar-haizea kostaldetik barnealdera sartu ahala, tenperaturak jaistea espero da.

Abisu horia egongo da kostaldean bi egunetan, eta tenperatura maximoak 33 gradu ingurukoak izango dira.