Gizartea
Indarkeria matxista
Urruñan desagertutako emakumearen gurasoek hiru iloben zaintza eskatu dute
EITB Media
Laure Zacchellok hilabete pasatxo darama desagertuta. Horren bikotekidea kartzelan dago, hiltzailea delakoan. Emakumearen gurasoek andrazkoaren hiru seme-alaben zaintza osoa galdegin dute; orain akusatuaren gurasoekin partekatzen dute.
-
Una concentración en Urruña para denunciar la desaparición de Zacchello. EITB
Laure Zacchelloren, Urduñan (Lapurdi) duela hilabete desagertutako eta zantzu guztien arabera bikotekideak eraildakoaren, gurasoek haren hiru seme-alaben zaintza osoa eskatu dute. Gaur-gaurkoz, gizonaren gurasoekin partekatzen dute. Bikotekidea, jendarme ohia, kartzelan dago, ustezko hiltzailea delakoan.
Baionako Auzitegian auzi-saioa izan da gaur, eta bertan egin dute eskaera. Azaldu dutenez, alabak berak eskatu zien, desagertu baino lehen, bikotekideari susmo txarrak hartuta. Beldur dira, gizona aske geratuz gero, ez ote dien umeei zerbait txarra egingo.
Familiaren abokatuak, beste behin, "gizatasunez" jokatzeko eskatu bikotekideari, eta esan dezala non dagoen Zacchello.
Jérome Bourrier Baionako fiskalak bere garaian azaldu zuenez, Fiskaltzak "froga sendoak" ditu "Laure Zacchello hilda dagoela iradokitzen dutenak". Gizonak hainbat arma zituen etxean, eta horietako batzuk ezin izan dituzte miaketetan topatu, eta haren izaerak, "hotza, isila eta enpatiarik gabekoa", ikertzaileen susmoak areagotzen ditu.
Zacchello ekainaren 21ean desagertu zen. Arratsalde hartan, susmagarriaren arreba harekin kontaktuan jartzen saiatu zen, alferrik, eta, ondorioz, haren etxera joan zen. Gizona konorterik gabe topatu zuen, ahoz behera etzanda eta garondoan zauri bat zuela. Ikertzaileek, ordea, ez zuten lapurreta-seinalerik atzeman, eta emakumearen poltsa, telefonoa eta ibilgailua etxean aurkitu zituzten. Hala, erabat baztertu zituzten bahiketa edo borondatezko desagertze baten hipotesia. Gainera, gizonaren lesioek norberak bere buruari eragindako eraso bati erantzun ziezaioketela uste dute.