Gizartea
Indarkeria matxista
Alaba adingabeari sexu erasoak egiteagatik bikote bati ezarritako 12 urteko zigorra berretsi dute
EITB Media
EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak zigortutakoen errekurtsoak baztertu ditu, eta Bizkaiko Auzitegiak ezarritako kondena berretsi du. Aitaordeak bikotekidearen alabari eraso zion, horrek 10 eta 11 zituenean. Amak bortxaketak "baimendu" zituela ebatzi du Auzitegiak.
Neskato adingabe bati sexu erasoak egiteagatik bikote bati ezarritako zigorra, 12 urtekoa, berretsi du gaur EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salak. Epaia Bizkaiko Auzitegiak eman zuen, eta horren kontra, helegitea aurkeztu zuten bi zigortutakoek.
Gertakari matxistak 2021eko otsailetik 2022ko maiatzera jazo ziren bikotearen etxean. Gizonak, emakumearen bikotekideak eta neskatoaren aitaordeak, "bere desio lizunak asetu nahian, eta bere nagusitasuna baliatuta" artean 10 eta 11 urte zituen neskatoari "hainbat alditan" egin zion eraso.
Bizkaiko Auzitegiak ebatzi zuenez, sexu erasoen egile izan zen gizona, eta emakumea, neskatoaren ama, berriz, delituon "ezinbesteko laguntzaile". Izan ere, epaiak jasotzen duenez, amak "ondo baino hobeto" zekien gizonak umea bortxatzen zuela, eta "salatu ordez, baimendu egiten zituen". Gainera, une jakin batean, neskatoak amarengana jo zuen laguntza eske, honek erantzun zionez, "etxeko kontuak etxean geratzen dira".
EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, kasu honetan bi pertsonen kontrako proba zuzena egon zen: biktimaren lekukotza. Neskatoaren kontakizuna "balekoa, sinesgarria eta logikoa" izan zen. Gainera, gogorarazi duenez, adituen txostenek sexu bidezko transmisioko gaixotasunen zantzuak topatu zituzten adingabearen gorputzean eta gizonaren gernuan.
Epaia ez da irmoa eta helegitea aurkez daiteke Auzitegi Gorenean.