Itxi

Gizartea

Aurkikuntza Araban

Azpiegitura hidrauliko erromatar handi bat eta 3.000 metro karratuko eraikin bat aurkitu dituzte Arkaian

EITB Media

Zortzi metro zabal, 20 metro luze eta bi metro eta erdiko sakonera duen putzua bat eta etxadi, ikastetxe, etxe erromatar handi bat edo 'mansio' bat izan daitekeena (galtzada erromatarraren geraleku ofizial bat) topatu dituzte. Bigarrena Iruña-Veleian erabilitako teknika berdinarekin aurkitu dute.

1:18
Arkaian aurkitutako putzu erraldoiaren irudia

Aurkikuntza arkeologiko gehiago egin dituzte Arkaian, Araban hobekien kontserbatutako eremu termalean, Suestatium izeneko hirian, Arabako Foru Aldundiko iturriek EITBri jakinarazi diotenez. Zehazki, azpiegitura hidrauliko bat eta 3.000 metro koadroko eraikin bat topatu dira.

Konkretuki, zortzi metro zabal, 20 metro luze eta bi metro eta erdiko sakonera ditu putzuak. Hasiera batean, arkeologoek pentsatu zuten hiria urez hornitzeko zela, baina orain uste dute putzua San Tomas ibaiarekin lotzen zela, eta ibai hori bideratzeko eta ur-goraldietan aprobetxatzeko erabiltzen zela, termak hornitzeko ere aprobetxa zatekeelarik.

Termak dauden eremuaren parean zereal zelai handi bat dago. Iruña-Veleian erabili zen teknika berarekin, dronen bidez, lurzati horretan, lur azpian, 3.000 metro koadroko eraikin bat aurkitu dute. Etxadi, ikastetxe, etxe erromatar handi edo 'mansio' bat izan daiteke, galtzada erromatarraren geraleku ofizial bat.

Arkaia, Iruña-Veleiaren atzetik, Arabako bigarren erromatar hiririk garrantzitsuena da, eta, Iruña bezala, ustez okupatzen dituen 20 hektareetatik % 1 eta % 2 artean soilik induskatu da; zati txiki bat egungo herriaren azpian dago, baina, batez ere, ekialdean dauden nekazaritza-lursailen azpian.

Arkaian, K.a. I. mendetik K.o. III. mendera bitarteko herrixka bat aurkitu zuten, Suestatium. Barruan, terma erromatar batzuen hondakinak zeuden. Lorenzo Prestamerok aurkitu zuen bainu-etxe erromatarra XVIII. mendean.

1976an, Ramon Lozas arkeologoak bainuetxearen hondakinak induskatu zituen. 2015eko udan, herriaren saneamendu-lanetan, aztarna erromatar gehiago aurkitu zituzten elizatik gertu.

Arkaiako termak erreferentzia dira Arabako aztarnategi erromatarretan; herriaren ondoan daude, Otazurako irteeran, eta K.a. I. eta II. mendekoak dira.

Terma erromatarrak gaur egungo gizarte-etxe baten parekoak izan zitezkeen, eta Suestatium izeneko herri garrantzitsuan zeuden, Via XXXIV galtzadaren ondoan, Astorga eta Bordele lotzen zituen ibilbidea.