Gizartea
SARIAK
Azkoitiak, Donostiak, Legazpik, Irunek eta Ermuak Gobernantzaren Bikaintasunaren ELoGE Zigilua lortu dute
EITB Media
Azkoitiak eta Donostiak lehenengoz eta beraien lehenengo hautagaitzan lortu dute aitortza. Legazpik, bigarrenez eta Irunek eta Ermuak hirugarren aldiz.
-
ELoGE Zigilua irabazi duten udalerriek arduradun politikoak. Irudia: EFE
"Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua" lortu dute Azkoitiak, Donostiak, Legazpik Irunek eta Ermuak. Erandiok, Errenteriak eta Laudiok berriz, etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa egiaztatzen duen diploma jaso dute, ELoGEren azken helburua. Gaur goizean jaso dituzte aitorpenak zortzi udalerrietako arduradun politikoek, 10:30etatik aurrera Donostia Sustapenak bultzatutako EKINN zentroan.
Udal-gobernuaren eta udal-kudeaketaren kalitateari ematen zaion Europako saririk handiena da ELoGE Zigilua. Hori lortzeko, Europako Kontseiluak diseinatutako autoebaluazio zorrotza egin dute udal hautagaiek hiru hilabetez.
Autoebaluazio horretan, 72 adierazleko multzo bat onartu behar da, eta adierazle bakoitza justifikatzeko, ebidentzia dokumentalak eman behar dira. Honako hauek aztertzen dira, besteak beste: epe luzerako plangintza eta ikuspegia, administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, kontuak ematea, berrikuntza publikoa, euskararen sustapena, bai eta giza eskubideena ere, berdintasuna, aniztasuna, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa
Udal tresnak ere baloratzen dira. Agintaldiko plana, finantza-kontroleko plana eta 2023 Agendaren estrategia, esaterako, beste hainbaten artean.
Azkoitiak eta Donostiak lehenengoz eta beraien lehenengo hautagaitzan lortu dute aitortza. Legazpik, bigarrenez eta Irunek eta Ermuak hirugarren aldiz.
Ekitaldian, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate den Esther Apraizek nabarmendu du euskal udalerriak Europako abangoardian kokatzeko ahalegina egiten ari direla eta Euskadi tokiko gobernantza onaren Europako erreferente bihurtzeko nahia dutela.