Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Elkarretaratzea deitu dute Santurtzin, festetan izandako sexu erasoa salatzeko

EITB Media

12:00etan izango da festetako lehen asteburuan jasandako sexu erasoa salatzea helburu duen kontzentrazioa.

Elkarretaratzea deitu dute, gaur eguerdiko 12:00etan, Santurtziko Udalak eta bertako Berdintasun Kontseiluak festetan izandako sexu erasoa salatzeko.

"Biktimaren familiari, lagunei eta ingurukoei babesa eta elkartasuna" erakutsi nahi die Udalak, eta indarkeria matxista kasu ororen aurreko erabateko gaitzespena ere azaldu nahi du.

Zabaldutako oharrean azpimarratu dute "emakumeen aurkako eraso oro, biktimaren osotasun fisiko eta mentalaren aurkako erasoak direla, hots, giza eskubideen urraketa larriak".

Horrez gain, udalerriko biztanleei "borroka honetan era aktibo batean jokatzeko" eskaera egin die, edozein eraso matxistaren aurrean erantzukizunez jokatu eta horiek salatzeko eskaera.

Santurtziko Karmengo jaietako lehen asteburuan izan zen erasoa, eta atzo 19 eta 21 urteko bi gizonezko atxilotu zituen Ertzaintzak, ustezko egileak zirelakoan.