Itxi

Gizartea

EITB DATA

Ostatu-eskaintzak gora egin du, batez ere etxebizitza turistikoetan

EITB MEDIA

Hego Euskal Herriak 29.000 plaza eskaintzen ditu egunero etxebizitza turistikoetan. Aurten % 18 eta % 28 hazi da EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.

  • Ostatu-eskaintzak gora egin du, batez ere etxebizitza turistikoetan

    Ostatu-eskaintzak gora egin du, batez ere etxebizitza turistikoetan

Turisten kopurua hazi den bezala, etxebizitza turistikoetako eta ostatuetako plazen kopuruak ere gora egin du azken hilabeteetan EAEn eta Nafarroan.

Gorakada handiena etxebizitza turistikoetan eskaintzen diren plazetan gertatu da. Espainiako Estatistika Institutuak otsailean jasotako datuen arabera, EAEn 21.504 plaza eskaintzen dira egunero, 2023an baino % 18 gehiago. Nafarroan igoera handiagoa izan da, % 28koa, 7.595 plaza eskaintzen baitira.

Hotelak, ostatuak eta pentsioak

Hego Euskal Herrian guztira 878 hotel, ostatu eta pentsio ditugu, eta 48.000 plaza baino gehiago eskaintzen dira egunero.

Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan handitu da gehien Estatuan hotel-plazen eskaintza, pandemiaren aurretik eskaintzen zena baino % 17,2 gehiago eskaintzen baititu gaur egun.

Nafarroan, aldiz, hotelen sektoreak atzera egin du, gaur egun pandemiaren aurretik zeudenak baino establezimendu eta plaza gutxiago baitaude.

 

Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bidaiarien % 75ek hoteletan ostatu hartzea aukeratzen dute; apartamentu, kanpin edota landa-turismoak baino gehiago hautatzen dira beraz.

Nafarroan, ordea, gaualdiak modu orekatuagoan banatzen dira ostatu mota ezberdinen artean, eta Donejakue bideko aterpetxeek duten pisua garrantzitsua da.

Ostatu horien guztien prezioek plazen eskaintzaren bide bera egin dute: EAEn gora egin dute, eta Nafarroan, aldiz, behera. Une honetan, EAEko eguneko batez besteko tarifa Estatukoa baino % 10 garestiagoa da.

EITB Data

EITB Data

Alabaina, Estatuko lurraldeetako datuekin alderatuta, gurean garestitu dira gutxien prezioak turismo eta ostalaritza sektorean: % 5,3 EAEn eta % 5,2 Nafarroan. Balear Uharteetan eta Errioxan bakarrik garestitu dira gurean baino gutxiago.