Itxi

Gizartea

Istripua Nafarroan

52 urteko txirrindulari bat larri zauritu da Lesakako Agiña mendatean, motozale batekin talka eginda

Agentziak | EITB Media

Helikoptero batek Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman du txirrindularia. Motorzalea, 19 urteko gizonezkoa, anbulantzian eraman dute Bidasoa Eskualdeko Ospitalera.

52 urteko txirrindulari bat larri zauritu da gaur arratsaldean Lesakako Agiña mendatean motor gidari baten aurka aurrez aurre talka eginda.

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, ezbeharra NA-4000 errepidean jazo da, 14:48 aldera, SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak abisua jaso duenean.

Oronozko suhiltzaileak, Lesakako suhiltzaile boluntarioak, helikoptero medikalizatu bat, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat, Lesakako mediku talde bat, Trafiko patruilak eta Foruzaingoko Argiketa taldea bertaratu dira.

Foruzaingoa ikertzen ari den arrazoiengatik, txirrindulariak eta motozaleak aurrez aurre talka egin dute NA-4000 errepideko 11. kilometroan, Agiña mendatean, Lesakan.

Iturri berdinek azaldu dutenez, helikoptero medikalizatu batek eraman du Iruñeko Nafarroako Unibertsitate Ospitalera 52 urteko txirrindularia.

Motorzalea, 19 urteko gizonezkoa, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzian eraman dute Bidasoa Eskualdeko Ospitalera, Irunera, bularrean kolpea zuela.