Itxi

Gizartea

Epaiketa

Barakaldon bi seme-alaba adingabeak hiltzen saiatu zen emakumeari 16 urte eta erdiko zigorra ezarri diote

EITB MEDIA

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hilketa saiakera bi delituren egiletzat jo du, egindakoa aitortu eta asaldura psikikoaren aringarriekin.

  • Epaiketaren aurreneko saioa. Argazkia: EFE

    Epaiketaren aurreneko saioa. Argazkia: EFE

Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Bigarren Sekzioak 16 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio emakume bati 2023ko urtarrilaren 1ean Barakaldon bi seme alaba adingabeak hiltzen saiatzeagatik, "Zaintza gal zezakeela jakiteagatik".

Auzitegiak bi hilketa delituren egiletzat jotzen du, saiakera mailan larriagotua, ahaidetasun astungarria eta egindakoa aitortu eta asaldura psikikoaren aringarriak tarteko.

2022ko abenduaren 31n gertatu zen, auzipetua, aurrekaririk gabea, 10 urteko seme alabak hiltzen saiatu zenean.

Ebazpenaren arabera, "seme-alabak hiltzeko asmoz" akusatuak, "zaintza gal zezakeela jakitean", benzodiazepina eta antidepresibo kopuru zehaztugabea eman zien adingabeei, eta "konortea galdu zutenean, lepoan zauri bana egin zien labana batekin", gaineratu du epaiak. Lurralde Auzitegiaren hitzetan, auzipetua nahita saiatu zen adingabeak hiltzen.

Ondoren, auzipetuak adingabeen aitari deitu zion, "seme-alabei zerbait egin ziela aitortuz eta haien etxera hurbiltzeko" eskatuz. Gizona beste pertsona batekin bertaratu zen. Adingabeak ospitalera eraman zituzten, eta bertan egon ziren urtarrilaren 5era arte.

Emakumeak, gainera, deskribatutako gertakariak aitortu zizkien etxera joan ziren poliziei. Ahozko saioan, auzipetuak bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun zien, eta "leporatzen zizkioten gertakariak erabat aitortu" eta "damu sakona" adierazi zituen.

Espetxe-zigorraz gain, beste neurri batzuen artean, akusatuari guraso ahala kentzea eta bien legezko ordezkariei 82.300 euro (41.150 euro adingabe bakoitzeko) ordaintzea erabaki du auzitegiak, lesio fisiko eta psikikoengatik eta eragindako kalte moralengatik.

Epaia ez da irmoa eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jar daiteke.