Itxi

Gizartea

andre maria zuriaren jaiak

Jaietan txosnarik ezingo dela jarri ohartarazi dute Gasteizko Txosnek, 'TicketBAI' sistema derrigorrezkoa bada

EITB MEDIA

Arabako Foru Aldundiak txosnetan 'TicketBAI' sistema jartzea derrigortzen die eta jarrera aldatzen ez badute aurtengo jaietan txosnarik ez dela egongo aurreratu dute. Hala, borondate politikoa eskatu diote Aldundiari.

  • Gasteizko txosnak. EITBren artxiboko irudi bat

    Gasteizko txosnak. EITBren artxiboko irudi bat

Blusen eta Nesken egun handia ate joka den honetan eta Andre Maria Zuriaren jaietarako bi aste baino gehixeago falta direnean, Gasteizko txosnen batzordeak aurreratu du jaietan txosnarik ezingo dela jarri, baldin eta 'TicketBAI' sistema jartzea derrigortzen bazaie.

Hitzokin erantzun diote batzordeko kideek astearte honetan Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak esandakoari. Arabako Foru Aldundiak zerga normalizaziorako eta iruzurra sahiestea arrazoituta TicketBAI sistema ezartzera derrigortu nahi die txosnei eta hori egin ezean txosnarik ezingo dutela jarri iragarri dute.

Gasteizko Txosnagunea herriak herriarentzat eginikoa dela gogorarazi dute gaur goizean Arabako Foru Aldundiaren aurrean asteazken honetan egin duten agerraldian. "Txosnen gunea arriskuan" dagoela ohartarazi dute, eta, "egoera hori aldatu ezean", aurten ezingo dutela txosnarik jarri Gasteizko jaietan.

Era berean, Arabako Foru Aldundiari leporatu diote "txosnak onura ekonomikoa helburu duen edozein jarduera pribaturekin parekatu nahi izatea", eta "injustizia eta arduragabekeria" iritzi diote "eredu herrikoi, kolektibo eta sozialak" enpresa pribatuekin parekatzeari, arriskuan jar ditzakeelako "urteetan erreferente izan diren jai herrikoiak".

Gasteizko jaietako kultur eskaintzaren zati handia txosnek biltzen dutela ere esan dute, ehundaka pertsonek egiten dutela borondatezko lana aurrera ateratzeko eta jaietan zehar milaka pertsona hurbiltzen direla jai herrikoeitara. Honen aurrean, Arabako Foru Aldundiari borondate politikoa eskatu diote eta Gasteizko txosnak ez oztopatzeko eskatu.