Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Santurtzin emakume bati egindako sexu erasoaren ustezko egileak atxilotu dituzte

EITB Media

19 eta 21 urteko bi gizonezko dira atxilo hartutakoak. Barakaldon eta Muskizen atzeman zituen Ertzaintzak, asteartean.

Ertzaintzak Santurtzin emakume bati egindako sexu erasoaren ustezko egileak atxilotu zituen atzo, asteartearekin, Barakaldon eta Muskizen (Bizkaia). 19 eta 21 urteko bi gizonezko dira atxilo hartutakoak, Segurtasun Sailak ohar batean zehaztu duenez. 

Eraso matxista larunbatetik iganderako gauean gertatu zen, Karmengo jaien testuinguruan. Igande gauean, emakume bat Gurutzetako Ospitaleko larrialdietako zerbitzura joan zen, sexu erasoa jasan zuela esanez.  

Une horretan sexu erasoen protokoloa aktibatu zen, eta Ertzaintzaren agenteak bertaratu ziren ospitalera, biktimari arreta ematera.

Salaketa jarrita, ikertzen hasi zen Ertzaintza eta ustezko egileak identifikatu eta atxilotu zituzten, biei sexu-erasoaren delitua egotzita.

Datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku, behin eginbideak bukatuta.