Gizartea
Baiona
Homizidio saiakera leporatuko diote Baionan gizon bat larri zaurituta uzteagatik atxilotutako gizonari
EITB MEDIA
Ostegun gauean izan zen liskarra. Biktima, 58 urtekoa, oso larri dago, Jerome Bourrier Baionako fiskalak jakinarazi duenez. Biktima festatik etxera bueltan zen eta mozkor zegoen. Erasotzailea, aldiz, 39 urteko guadalupearra, ez zebilen festa giroan, baina aurrekari judizialak ditu indarkeriagatik.
-
Jerome Bourrier. EITB Media
Homizidio saiakera leporatu diote ostegun gauean Baionan izandako liskarrean gizon bat oso larri zaurituta utzi zuen gizasemeari.
Jerome Bourrier Baionako fiskalak esan duenez, biktima (58 urteko gizonezkoa) Ondresera bueltan zihoan autobusean, etxera, Baionako festetan eguna pasa ostean. Mozkor zegoen, eta odol litroko 1,87 gramoko alkohol-tasa zuen. Akusatua, aldiz, 39 urteko guadalupetarra, ez zebilen festa giroan.
Bourrierrek prentsaurrean azaldutakoaren arabera, "biktimak ahoz iraindu zuen akusatua. Akusatuaren bikotekideak irain arrazistak aipatzen ditu. Autobusean zihoazela, giroa gaiztotzen joan zen, eta, une batean, bi gizonak autobusetik jaitsi ziren".
Behin kanpoan, akusatua biktimarengana zuzendu zen eta "bi kolpe bortitz" eman zizkion aurpegian.
Larrialdi zerbitzuek oso bizkor artatu zuten, artean konortea zuela, baina haren egoerak okerrera egin zuen oso azkar, fiskalaren hitzetan. Erietxera eraman zuten, eta larri jarraitzen du.
Erasotzaileak aurrekariak ditu, hamaika aldiz zigortu dute indarkeriagatik, eta apirilean atera zen azkenekoz espetxetik. Hori dela eta, behin-behineko espetxealdia eskatuko du fiskalak harentzat.
11 eraso festa hasieratik
Ipar Euskal Herriko Itaiak salatu du asteazkenean Baionako jaiak hasi zirenetik 11 eraso zenbatu dituztela, "bortxaketa zantzuak, eraso fisikoak eta ahozko erasoak tartean". Azken egunean bakarrik, bi sexu-eraso salatu dituzte.
Mugimendu feministak salatu duenez, "Baionako bestak ez dira giro lasaian iragaten ari, Herriko etxeak dioen bezala". Aldiz, Baionako bestak "bortizkeriaz beteak" direla salatu dute, eta horren erakusle, babesgunean bertan militanteek jasandako intimidazioak aipatu dituzte.
Hori dela eta, larunbat honetan, babesgunea goizaldeko ordu batean ixteko erabakia hartu dute, eta igandean, uztailak 14, 11:00etan, Merkatu plazan egingo den elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.
Bestalde, bart bi lagun larri zauritu dira harresitik erorita. Zaurituak, 18 urteko mutil bat eta 20 urteko neska bat, 6 metroko altueratik erori dira, Lautrec zubitik gertu.