Itxi

Gizartea

Delitua

Anakonda baten larruarekin egindako jaka bat zeraman gizon bat harrapatu dute Bilboko aireportuan

EITB MEDIA

Babestutako espeziea da, eta arpoi batekin ehizatu omen zuen Amazoniako oihanean. Halaber, 10.900 euro eskudirutan zeramatzala igaro nahi zuen aduana-kontrola, deklaratu gabe.

  • 'Anakonda erraldoia' espezieko azalez egindako jaka. Argazkia: Guardia Zibila

    'Anakonda erraldoia' espezieko azalez egindako jaka. Argazkia: Guardia Zibila

Anakonda erraldoi baten larruarekin egindako jaka bat zeraman gizon bat atzeman du Guardia Zibilak Bilboko aireportuan, eta flora eta faunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita ikertuko dute. Jaka hori eta ia 11.000 euro aldean zeramatzala igaro nahi zuen aduana-kontrola, deklaratu gabe, Guardia Zibilak ostiral honetan jakitera eman duenez.

Diruaren ordainbideen mugimenduen deklaraziorik (E1) ba ote zuen galdetuta, bidaiariak erantzun omen die ez duela horretarako beharrezkoa den deklaraziorik egin. Jakari dagokionez, berriz, Amazoniako oihanean berak arpoi batekin ehizatutako anakonda erraldoi baten larruarekin egindakoa zela esan die.

Limatik zetorren bidaiaria Loiuko aduana-kontrola igarotzen saiatu da, 10.900 euro eskudirutan eta anakonda-larruarekin egindako jaka bat zeramatzala.

Bidaiariaren erantzunak eta aduana-kontrola saihesteko ahaleginak ikusita, guardia zibilek susmo txarra hartu diote, eta animalia-espezie babestua zela egiaztatu ostean, flora eta faunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita ikertuko dute.