Itxi

Gizartea

Gure Artea sariak

Idoia Montonek, Josu Bilbao Ugaldek eta Tractora kooperatibak jasoko dituzte Gure Artea sariak

EITB Media

Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte Bizkaian egingo den sari-banaketa ekitaldian, udazkenean.

  • Idoia Montón, Usue Arrieta, Ainara Elgoibar eta Josu Bilbao Ugalde

    Idoia Montón, Usue Arrieta, Ainara Elgoibar eta Josu Bilbao Ugalde

Idoia Monton, Josu Bilbao Ugalde eta Tractora Kooperatiba Elkartea nabarmendu dituzte aurten Gure Artea sariak emanda. Izan duen ibilbide artistikoaren aitortza egingo diote lehenari, sormen-jardueraren saria irabazi du bigarrenak, eta arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aitortu diote kooperatibari. Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte udazkenean, sariak banatzeko egingo den ekitaldian.

Gasteizko Arte Garaikidearen Museoan (Artium) izan da prentsaurrekoa, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaz gain, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea ere izan da bertan, baita epaimahaia ere: Ismael Manterola Ispizua arte historialaria, Carmen Garmendia Amigot erakusketa koordinatzailea, eta Susana Talayero, Laida Lertxundi de Prado eta Peio Aguirre Azkarate artistak. Sarituak zoriontzeaz gain, sailburuak eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: "Beharko zaituztegu Euskadin talentu sortzailea garatzeko eta aukera gehiago sortzeko".

Idoia Montonek "jarrera ausarta, arriskutsua eta aurreiritzirik gabea, ohiko kanonetatik desegina, joera artistiko hegemonikoetatik kanpo kokatua" izan duela nabarmendu du epaimahaiburuak, Peio Aguirre Azkaratek, eta "bere lana erresilentea izan da eta modatatik kanpokoa", eta hori izan da artistaren 30 urteetako ibilbide artistikoaren aitorpena jasotzeko arrazoia, erantsi duenez.

Bi dimentsioko eskulturarekin hasi eta papiroflexiatik pinturan barneratu da donostiarra ahots pertsonal eta berritzailea eraikitzeko. Epaimahaiaren iritziz, "moldakortasuna eta hainbat eremutan mugitzeko gaitasuna, genero hizkuntza eta teknikei dagokienez" dira Idoiaren lanak ezagunak.

Josu Bilbao Ugalde bermeotarra da bigarren saritua, sormen-jardueraren saria jasoko duena. Epaimahaiaren esanetan, "interbentzio eskultorikoak egiteko erabiltzen dituen materialak eta espazioak behatzetik eta haiekiko elkarrizketatik abiatuta eratzen da artistaren lana". Gainera, Josuren jarrera berezia ere nabarmendu du, praktikaren beraren potentzialtasunetik abiatuta jarduteko modu bat aldarrikatzen duela argudiatuz.

Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta proiektuburuek jasoko dute Tractora Kooperatiba Elkarteak irabazi duen arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesteko saria. "Euskal komunitatearen testuinguru artistikoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpen oparoagatik, bere jardueren kalitateagatik eta berezitasunagatik, bere proiektuak beste sektore kultural batzuekin lankidetzan garatzeagatik, euskal sortzaileen jarduera artistikoa zabaltzeagatik eta balioesteagatik, eta horien garapenean eta sustapenean duen garrantzi artistiko-kulturalagatik" jaso du saria kooperatibak, epaimahaiaren arabera.