Gizartea
txostena
Hego Euskal Herriko gazteen erdiek baino gehiagok 10 urte bete aurretik erabiltzen dute internet
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Gainera, Save the Childrenek ostegun honetan argitaratu duen txostenaren arabera, ia hirutik batek erabili ohi du bere egunerokoan 11 urte bete ondotik. Ikerketan Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko zentro ezberdinetako 14 eta 17 urte bitarteko 464 nerabek hartu dute parte.
-
Pertsona bat interneten edukiak begiratzen. Pixabaytik hartutako artxiboko irudia
Hego Euskal Herriko gazteen % 53,4k 10 urte bete aurretik erabiltzen du internet bere egunerokoan, eta hirutik ia batek 11 urte bete ondoren erabiltzen du. Hori da Save the Children haurren eskubideen aldeko erakundeak #DerechosSinConexión kanpainaren baitan ostegun honetan kaleratu duen txostenaren emaitzetako bat.
Gainera, ikerketak ondorioztatu du 10 nerabetik ia 9 internetera konektatzen direla egunean hainbat aldiz edo etengabe. Haurren eta nerabeen eskubideak eta horiek ingurune digitalean babestea du helburu txostenak, eta 14 eta 17 urte bitarteko nerabeei egindako 3.315 inkestetan oinarrituta dago. Inkesta horietatik ia % 18 Hego Euskal Herriko ikastetxeetan egin dira, 292 EAEn eta 279 Nafarroan.
Txostenak nabarmentzen duenez, gazteen % 80,5ek internet sare sozialetan sartzeko erabiltzen du, % 77k komunikaziorako, eta % 47,6k telesailak eta filmak ikusteko. Aipatzekoa da mutilen ia % 62 jokoetan online jokatzeko sartzen direla internetera, nesken % 8,8ren aurrean.
Gurasoek jartzen dieten mugen inguruan, berriz, gazteen % 47,3k aitortu dute konexio-orduak mugatuta dituztela, eta % 34k adierazi du etxekoek azaldu dietela arriskuen berri. Inkestan parte hartu duten gazte askok (10 nerabetik ia 4k) diote eduki erotikoa eta pornografikoa aurkitu dutela bilatzen ibili gabe.
Andres Conde Save the Childreneko zuzendariak adierazi duenez, "eduki horiekiko esposizioak oso ondorio kaltegarriak izan ditzake haien garapenean; izan ere, eredu patriarkal batean oinarritutako sexu-harremanen pertzepzioa sor lezake haiengan, emakumeen aurkako indarkeria erotizatuz".
Ikerketaren arabera, hiru nerabetik bat ezezagunekin harremanetan jartzen da internet bidez, eta bost nerabetik hiruk ez dute uste baimenik gabe sexu-izaerako argazkiak bidaltzea delitua denik edo delitu izan behar duenik. Gainera, erdiek baino gehiagok ez lukete jakingo non salatu internet bidez jasandako indarkeria kasu bat.
Condek gogorarazi du kezkagarria dela gazte gehienek jokabide horiek delitu gisa ez identifikatzea, "indarkeriatik babesteko lehen urratsa identifikatzen jakitea baita".
Txosten honen helburua da haurrak eta nerabeak interneten eta teknologia berrien erabilera arduratsu eta seguruan heztea, eta horretarako, ezinbestekotzat jotzen du elkarteak tresnak eta mekanismo eraginkorrak eskuragarri jartzea, Interneten indarkeria prebenitzeko eta eduki kaltegarriak ekiditeko.