Gizartea
Konferentzia sektoriala
Erkidegoek bidaiderik gabeko 400 adingabe migratzaile hartzea adostu dute
Agentziak | EITB Media
Halere, Espainiako Gobernuak dagoeneko ohartarazi du kopuru hori ez dela nahikoa, eta gaiari lege aldaketa batekin heltzeko premia berretsi du.
-
Konferentzia Sektoriala Tenerifen. Argazkia: EFE
Espainiako erkidegoek bidaiderik gabeko 400 adingabe migratzaileren borondatezko banaketa adostu dute gaur, baina Espainiako Gobernuak dagoeneko ohartarazi du kopuru hori ez dela nahikoa, eta gaiari lege aldaketa batekin heltzeko premia berretsi du. Aurrez iragarri bezala, Hego Euskal Herrira 33 iritsiko dira, 18 EAEra eta 15 Nafarroara.
Sira Rego Gazteria eta Haurtzaro ministroak "zorionez" banaketa hori Tenerifen gaur egin den Konferentzia Sektorialean desblokeatu izana ospatu du. Hala ere, borondatean oinarritutako mekanismo horrek "duela urte batzuk zentzua" zuela onartu badu ere, orain egoera desberdina dela azpimarratu du ministroak.
Lau ordu baino gehiago iraun duen bileran, banaketa loteslea ezartzeko Espainiako Gobernuak planteatzen duen lege-erreforma ere aztertu da, eta, horren harira, erkidegoek denbora gehiago eskatu dute hori baloratzeko.
Batzarrean parte hartu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Nerea Melgosa sailburuak azpimarratu duenez, migrazioaren fenomenoa, baita adingabeen fenomenoa ere, "errealitate estrukturala da, eta ez koiunturala", eta, beraz, "adingabeen giza eskubideen urraketak saihesteko lehentasunetako bat izango duen egiturazko kontingentzia-plan bat planifikatu eta antolatzea" exijitzen du.
Bestalde, bidaiderik gabeko adingabe migratzaileak banatzeko akordioaren berri izan ostean, Vox eskuin muturreko alderdiak premiazko eta ezohiko Batzorde Exekutibo Nazionala deitu du ostegun honetarako, PPrekin partekatzen dituen koalizo gobernuetan eman beharreko "hurrengo urratsak" adosteko.
Ohar baten bidez, Voxek Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiari leporatu dio "gobernu itunak haustea" bost erkidegotan, "bertako presidenteei 400 adingabe migratzaile banatzeko baiezko botoa ematera behartu dituztelako". "Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, RTVE, Hauteskunde Batzorde Zentrala edo espainiarren interesen aurka Europan aliatu ostean, PP akordio berri batera iritsi da PSOErekin, eta non eta norekin egon nahi duen erabaki du", kritikatu du Voxek.
Abascalen alderdiarentzat, Feijoo da partekatzen dituzten koalizio gobernuak hautsi dituena, eta Voxek "bere hitza eta espainiarrekin duen konpromisoa betetzen du".