Gizartea
sexu erasoak
Hiru pertsona atxilotu dituzte bart sanferminetan sexu erasoak egitea egotzita
EITB MEDIA
Iruñeko Estafeta kalean adin txikiko neskato bati ukituak egiteagatik bi gizon atxilotu dituzte; hirugarrena, berriz, Gaztelu plazan neska bat lepotik hartu eta musu ematera behartzeagatik atxilotu dute.
-
Indarkeria matxistaren aurkako protesta sanferminetan. Artxiboko argazkia: EFE
Foruzaingoak hiru gizonezko atxilotu ditu bart Iruñean, alde zaharreko tabernetan ukituakegiteagatik. Salaketa jarri duen emakume bat adin txikikoa da.
Gaueko 12:30ak aldera, foruzainek nazionalitate frantsesa duen gizon bat atxilotu dute Gazteluko plazan, neska bat lepotik hartu eta musu ematera behartzeagatik. Bi bider gertatu da, bat taberna baten barruan, eta, bestea, kanpoaldean. Biktimak salaketa jarri du eta Foruzaingoak erasoaren ustezko egilea atxilotu du.
Gainera, goizaldeko 05:00ak aldera, foruzainek espainiar nazionalitatea duten beste bi gizon atxilotu dituzte Iruñeko alde zaharreko Estafeta kaleko taberna batean ukituak egiteagatik. Kasu honetan, salatzailea adin txikiko neska bat da.
Dagoeneko 11 dira Foruzaingoak sanferminetan egin dituen atxiloketak, EITBri jakinarazi dionez.
Gaur goizean, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak adierazi duenez, beste urte batzuetan baino salaketa gutxiago izan dira eraso sexualei dagokionez, eta iaz baino % 20 atxilotu gehiago izan direla esan du. Hala, "lasaitasunerako" deia luzatu du, eta "erantzunkizunez jokatzeko eta jaiez gozatzen jarraitzeko" esan die herritarrei.
Joseba Asiron Iruñeako alkateak, berriz, adierazi du aurtengo sanferminak "modu trinkoan" hasi ziren eraso sexualei dagokionez eta, horiei erantzuteko hiria mobilizatu dela azpimarratu du. Gainerakoan, Sanferminak "giro oso onean" doazela esan du.
Nolanahi ere, astearte honetan, Iruñeko Mugimendu Feministak eta Herri Mugimenduak "irmoki" salatu dituzte sanferminetako lehen egunetan gertatutako sexu-erasoak: "intentsitate handiko hiru eraso eta intentsitate baxuko beste sei izan dira, gutxienez", zioten prentsaurrekoan. Adierazi zutenez, intentsitate handiko hiru erasoak uztailaren 6tik 7rako gauean gertatu ziren.
Gauzak horrela, "elkartasuna eta maitasuna" adierazi zieten bikima guztiei, eta adierazi zuten onartezinak direla "gizon batzuek emakumeekiko dituzten jarrerak eta portaerak: ukituak, jazarpena, sartzen gaituzten txapa amaigabeak, bortxaketak, irain larriak". "Nazka-nazka eginda gaude", esan zuten.