Itxi

Gizartea

SANFERMINAK

Entzierro azkarra egin dute La Palmosilla ganadutegiko zezenek, plazan bueltaka hasi diren arte

eitb media

Bi zezen atzean geratu dira, eta plazara iritsitakoan, bueltaka hasi dira, lau minutu igaro direnean ukuilura sartu diren arte. Sei pertsona ospitaleratu dituzte zaurituta, eta batek adarkada jaso du.

Sanferminetako lehenengo entzierroa, La Palmosilla ganadutegiko zezenak protagonista izan dituena, jendetsua, azkarra eta itxuraz garbia izan da, lau minututik gora iraun duen arren, atzean geratu diren bi zezen plazan bueltaka hasi baitira ukuiluan sartu aurretik.

2024ko sanferminetako lehenengo entzierroaren ostean, sei korrikalari ospitalera eraman dituzte, eta horietako batek adarkada jaso du, lehenengo datuen arabera.

Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez, Beriaingo 37 urteko gizonezko bat da adarkadaz zauritutakoa. Aurpegian jaso omen du adarkada, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute. Ez omen dago larri.

Egunean zehar jaso dute guztiek alta.

La Palmosilla

La Palmosilla ganadutegiko zortzi zezen ekarri dituzte Iruñera, 500 eta 630 kilo artekoak: Capitan, Ardoso, Papelon, Camarimol, Escandaloso, Chistoso, Ilustrado eta Gallardio.

Diego Urdiales, Fernando Adrian eta Borja Jimenez toreatzaileen esku geratuko dira arratsaldeko zezenketan.

Ganadutegi horretako zezenak laugarrenez etorri dira Iruñera. 2019an iritsi ziren lehen aldiz, eta ordutik ez dute huts egin, pandemiagatik bertan behera geratu ziren edizioetan izan ezik.

Carriquiri zezen suharrenaren saria eman zioten 2019an, eta Iruñeko zezenketa onenaren golardoa jaso zuen 2022an.