Itxi

Gizartea

Lapurreta

Gizon bat atxilotu dute Irunen, ustez autoa erosi behar zion gizona labanaz zauritu eta lapurtzeagatik

EITB Media

Biktimak azaldu duenez, gazte batekin hitzordua egina zuen auto bat erosteko, eta ustezko saltzaileak labana batekin eraso eta ibilgailua ordaintzeko zeraman dirua lapurtu dio.

32 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Irunen, auto bat erostera zihoan gizon bati labana batekin eraso eta dirua lapurtzeagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Ostiral iluntzean, gaueko hamar eta erdiak pasatxo zirenean, jakin du Ertzaintzak Irunen pertsona bat odoletan zegoela eta lapurreta baten biktima izan dela.

Bertaratutako agenteek zauritutako gizona topatu dute, besaurrean odola zerion zauri bat zuela.

Biktimak azaldu dienez, gazte batekin elkartu da hari auto bat erosteko asmoz, eta ustezko saltzaileak labana batekin eraso eta ibilgailua ordaintzeko zeraman dirua lapurtu dio.

Ertzaintzak hamabi eta erdiak jota zirenean aurkitu du ustezko erasotzailea, polizia-aurrekariak dituen 32 urteko gizonezko bat, eta beharrezko eginbideak betetako utziko du epailearen esku.

Zauritua, berriz, osasun-langileek artatu dute aurkitu duten tokian bertan, eta Bidasoko Ospitalera eraman dute gero, anbulantziaz.