Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

62 urteko gizon bat atxilotu dute Malagan, bikotekidea hiltzea leporatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

50 urteko emakumea itota aurkitu dute Antequerako bide-bazter batean. Udalerriko alkateak baieztatu duenez, hilketa matxista bat izan da.

62 urteko gizonezko bat atxilotu du Polizia Nazionalak Antequeran (Malaga), 50 urteko bikotekidea hiltzea egotzita, ikerketa iturriek baieztatu dutenez.

Hilketa ostiral honetan jazo da. Gizonezkoak bikotekidea ito omen du, eta Antequerako Partido Alto zonaldeko bide-bazter batean utzi du gorpua. Emakumea aurkitu eta ikerketa abiatu ostean, gizona atxilotu du Poliziak.

"Emakumeen aurkako indarkeriak eragindako hilketa bat" izan dela baieztatu du Manuel Baron Antequerako alkateak. Ez hiltzailea ezta biktima ere ez zeuden Viogen sistemaren barruan.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan; beraz, ez ahaztu ezabatzea.