Itxi

Gizartea

Beroa

Abisu horia ostiral honetan Nafarroako Ebroko Erriberan, 36 gradura arteko tenperaturengatik

EITB MEDIA

Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) abisu horia ezarriko du 13:00etatik 20:59ra tenperatura altuengatik. Larunbatean, aldiz, tenperaturak ia 10°C jaitsiko dira. Era berean, tenperaturak 30 gradutik gorakoak izan daitezke ostiralean, EAEko barnealdean.

  • Gizona Nafarroako iturri batean ura edaten.

    Gizona Nafarroako iturri batean ura edaten. Irudia: EITB MEDIA.

AEMETek abisu horia ezarriko du ostiral honetan Nafarroako Ebroko Erriberan tenperatura altuengatik. Termometroak 36°C-ra irits daitezke. Abisua 13:00etatik 20:59ra egongo da indarrean. Larunbatean tenperaturak ia 10°C jaitsiko dira.

Bestalde, Euskalmeten datuen arabera, ostirala egun eguzkitsua izango da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskualde gehienetan.

Tenperaturak 30 gradutik gorakoak izan daitezke barnealdean, hala nola Gasteizen; kostaldean, Bilbon edo Donostian, berriz, 25°C inguru. Egunaren amaieran zaparradak eta ekaitzak espero dira, eta han-hemenka txingorra ere egingo du.

Larunbatean, giro heze eta freskoa itzuliko da. Iparraldean 25°C-ak apenas gaindituko dira, eta tenperatura minimoak 15°C ingurukoak izango dira.

Egun grisa izango da eta euria edo zirimiria egingo du. Nafarroako hegoaldean 25°C-ra iritsiko dira.