Itxi

Gizartea

Asilo eskatzailea

Bilboko Aireportuan dagoen sahararraren deportazioa atzeratu dute

EiTB Media

Printzipioz ostiralean deportatutako dute Marokora. Hortaz, deportazioa egun bat atzeratu dute, asilo eskaeraren ukapenaren aurka Auzitegi Nazionalean aurkeztutako erreguzko errekurtsoa onartzen duten ala ez jakin arte.

  • Bilboko Aireportua, artxiboko irudi batean

    Bilboko Aireportua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Pasa den ekainaren 23tik Bilboko Aireportuko ez onartuen eremuan dagoen 20 urteko gizon sahararra ez dute gaur deportatuko Marokora, Polizia Nazionalak EITB Mediari baieztatu dionez.

07:00etan atera da Bilboko Aireportutik Marrakexerako hegaldia eta ekintzaile sahararra ez da bertara igo. Sorpresarik ezean, bihar arte atzeratu dute deportazioa.

Espainiako Gobernuak gazte sahararraren asilo eskaera ez du tramitera onartu eta horren aurka abokatuek erreguzko eskaria aurkeztu dute Auzitegi Nazionalean.

Azken helegite hori datozen 24 orduotan ebatziko dute eta aurrera egiten ez badu ostiralean deportatuko dute.

Marokora iritsi orduko espetxeratua izateko beldur da gaztea, jazarritako ekintzaile politikoa dela ziurtatu baitu. 

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek ere salatu dute Espainiako Gobernuak asilo eskaera ukatu izana gazte sahararrari. Erabakia ez dagoela zuzenbidean oinarrituta diote, eta haren deportazioa geldiaraztea eskatu dute, gaztearen bizitza jokoan dagoela uste baitute.

ACNURek adierazi duenez, sahararra den heinean, asilo eskubidea du eta aberrigabe izaera eska dezake.

Testuinguru horretan, gazte sahararra errefuxiatua dela egiaztatzen duten agiri gehiago aurkezteko aukera ematea eskatu du Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak.

San Juan bezperan iritsi zen saharar ekintzailea Loiura, eta geroztik ez onartuen eremuen izan dute, Espainiako Gobernuak ez baitzuen onartu hark egindako asilo eskaera.