Itxi

Gizartea

Prentsa-askatasuna

Euskal kazetariaren aurkako epaiketaren data finkatzeko eskatu dio '#FreePabloGonzalez' elkarteak Poloniari

Agentziak | EITB Media

Poloniako espetxean dagoen euskal kazetariaren bikotekideak, Oihana Goirienak, zehaztu duenez, espioitza da leporatzen dioten tipo penala, baina "zehaztu egin behar dute, eta hori da ia bi urte eta erdian egin ez dutena".

  • Oihana Goiriena, Pablo Gonzalez euskal kazetariaren bikotekidea. Argazkia: EFE

    Oihana Goiriena, Pablo Gonzalez euskal kazetariaren bikotekidea. Argazkia: EFE

Oihana Goirienak, 2022ko otsailaz geroztik Polonian espetxeratuta dagoen Pablo Gonzalez euskal kazetariaren emazteak, herrialde honek epaiketaren data ezartzea eta egoera "betiko" ez luzatzea eskatu du.

Horixe esan du gaur Logroñon, IUren egoitzan senarraren aldeko ekitaldi batean parte hartu aurretik. Bertan, Maribel Martinez '#FreePabloGonzalez' elkarteko ordezkariak ere hitz egin du.

Goirienak zehaztu duenez, espioitza da leporatzen zaion tipo penala, baina "zehaztu egin behar dute, eta hori da ia bi urte eta erdian egin ez dutena". Atzerapen horren arrazoia da "ez dutela zer aurkeztu", baina, Polonian behin-behineko espetxealdiaren mugarik ez dagoenez, herrialde horrek "neurri hori gehiegikeriaz erabiltzen du".

Poloniak senarraren aurkakoe karguak eta frogak aurkeztu behar dituela berretsi du, "baldin baditu"; eta, ez baditu, "aske utz dezala".

Azpimarratu duenez, kazetaria askatzea eskatzen duten arren, "errealistak" dira, eta "legearen barruan jokatu nahi dute, ez legearen gainetik". Hori dela eta, epaiketaren data ezartzea eta egoera "betiko ez luzatzea" eskatzen dute.

Zortzi idatzi Espainiako Gobernuari, erantzunik gabe

"Behin-behineko espetxealdian jarraitu behar izanez gero, Giza Eskubideen Europako Gutunarekin bateragarriak diren baldintzetan egin dezala", aldarrikatu du Goirienak. Zentzu horretan, Espainiako Gobernuari laguntza eske zortzi idatzi bidali dizkiotela gogorarazi du, baina ez dutela inolako erantzunik jaso.

Azkenik, "epaitu gabe zigorrik ez betearazteko", eskatu du, eta, epaiketa noiz aterako zain, "kartzelan dituen baldintzak gizatiarragoak izatea".

Bestalde, "epaiketaren data ahalik eta lasterren finkatzeko", eskatu du Martinezek, eta kartzelan "modu gizatiarrean tratatu dezatela eta isolamendutik eta inkomunikaziotik atera dadila" eskatu du.