Gizartea
Asteburuko euriteen ondorioz
Bizkaiko zazpi hondartzatan ez bainatzeko gomendioa eman dute, urak kalitate-irizpideak betetzen ez dituelako
EITB Media
Areeta eta Ereaga (Getxo), Plentzia, Gorliz, San Antonio (Busturia), Laida Itsasadarra (Ibarrangelu) eta Karraspio Itsasadarra (Mendexa) dira. Arazoa asteburuan izandako prezipitazio handiekin lotuta dago, baina, eguraldiak laguntzen badu, bi edo hiru egun barru normaltasunera itzultzea espero da.
-
Gorlizeko eta Plentziako (Bizkaia) hondartzak. Argazkia: Fernando Fano
Osasun Sailak Areeta eta Ereaga (Getxo), Plentzia, Gorliz, San Antonio (Busturia), Laida Itsasadarra (Ibarrangelu) eta Karraspio Itsasadarreko (Mendexa) hondartzatan ez bainatzea gomendatzen du, urak kalitate-irizpideak betetzen ez dituelako.
Arazoa, eguraldiak laguntzen badu, bi edo hiru egun barru konpontzea espero da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jakitera eman duenez, bainatzeko uren kalitateari buruz aldiro egiten dituen analisien barruan, Bizkaiko hondartza horietan araudian ezarritako kalitate-irizpide mikrobiologikoen ez-betetze puntual bat antzeman dute. Ez-betetze hori asteburuan Bizkaian izandako prezipitazio handiekin lotuta dago.
Emaitza horiek kontuan hartuta, eta badaezpada eta aldi baterako, Osasun Sailak hondartza horietan ez bainatzea gomendatzen du.
Bainatzeko uretan kutsaduraren jarraipena egiteko aurreikusitako protokoloa martxan jarri da, eta gertakariaren berri arlo horretan eskumena duten gainerako erakundeei eman die: Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Bizkaiko Foru Aldundia eta udalak, gertakari horien aurrean jarduteko prozedurak ere martxan jarri ditzaten.
Osasun Sailak egunero jarraituko du uraren kalitatea aztertzen gertakaria amaitu arte, eta jasotako emaitzen berri emango du.