Itxi

Gizartea

San Martzial Irunen

Alarde parekideak normaltasunez desfilatu du Irungo kaleetan

EITB Media

2.200 pertsona baino gehixeagok hartu dute parte, eta Irungo kaleetan barrena ibili ondoren San Juan plazara iritsi dira. Hainbat ordezkari politiko eta instituzional hurbildu dira Irunera, babesa ematera.

0:43
Alarde parekideak Irungo kaleak zeharkatu ditu, ehunka pertsonak babestuta

Irundarrek haien egunik bereziena ospatu dute igande honetan, San Martzial eguna. Alarde mistoak edo parekideak eta Alarde tradizionalak desfilea egin dute, normaltasunez eta jende askok babestuta.

Zerua estalita egon arren, euriak ez du eguna zapuztu, eta Urdanibia plazatik 07:40an abiatu den Alarde tradizionala eta 10:30ean egin duen Alarde mistoa espaloietatik ikusi ahal izan dira, aterkirik gabe.

Alarde tradizionala aurreikusitako orduan abiatu da Urdanibia plazatik, 19 konpainia, 6.500 soldadu inguru eta 19 kantinera osatuta. Soldaduek normaltasunez desfilatu dute San Juan plazan. Tropak ikuskatu ondoren, horiek ohiko deskargak egin dituzte. Jarraian, soldaduak Juncal Elizara joan eta Urdanibia plazara itzuli dira.

Alarde parekideak, bere aldetik, 10:30 aldera atera da puntu horretatik, eta istilurik gabe desfilatu du, ehunka pertsonak babestuta. Soldaduek ohiko deskargak egin dituzte jeneralak ikuskatu ondoren.

Horretan 2.200 pertsona baino gehixeagok hartu dute parte, eta Irungo kaleetan barrena ibili ondoren San Juan plazara iritsi dira. Han bertan dago udaletxea, eta zorua lehor zela iritsi dira. Irrintziekin hartu dituzte, eta "Alardean, emakumeak" bezalako oihuak entzun dira.

Desfile horretako jenerala, Maite Bergara, arrapaladan sartu da plazan, eta, haren atzetik, desfile mistoko gainerako agintariak, Thania Pazos Elkarrekin Irungo zinegotziaren eskutik hiriko bandera jaso dutenak.

Alkatearen babesa

Cristina Laborda Irungo alkateak Jose Antonio Santano aurrekoaren urratsak jarraitu ditu, eta alarde parekideari ere harrera egin dio udaletxeko balkoitik. Eguna "elkarrekin, errespetuz eta ilusioz" bizitzea eskatu die herritarrei.

Udal Gobernuak alarde parekideari harrera egiten dion bigarren aldia da. Iaz izan zen lehen aldia. Ordura arte, uko egiten zioten, eta tradizionala baino ez zuten agurtzen. "Alardeak bizitzeko bi modu daude: bata gehiengoarena eta bestea gutxiengoarena, eta biak erabat legezkoak dira", nabarmendu du alkateak.

"Gaur protagonista nagusia udalerria da, festa da, eta horrekin geratu behar dugu, irundar guztiek elkarbizitzan, errespetuan eta ilusioz bizi dezatela jaia", adierazi du Labordak desfile mistoaren amaieran, non emakumeek eskopetero gisa ere parte hartzen duten, Alarde tradizionalean ez bezala.

"Une erabakigarria" bizi dugula uste du Emakundek

Testuinguru horretan, hurrengo belaunaldiek benetan parekideak diren jaiak ospatu ahal izateko "une historikoan" gaudela azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.

Horrela, Emakundek babesa eman dio Alarde parekideari, eta bere lankidetza eskaini dio emakumeek, "gizonen baldintza berberetan, jaietan zein horrelako ekitaldi publiko, herrikoi eta parte-hartzaile batean parte hartu ahal izan dezaten".

Emakundeko zuzendariaren iritziz, "oso garrantzitsua da gizarteak iaz jaso zuen festan berdintasunerako aurrerapausoak finkatzea eta sendotzea", eta "elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren" bidez urratsak ematen jarraitzearen alde agertu da.

Beste hainbat ordezkari politiko eta instituzional

Udaletxeko balkoian, udalbatzako kideez gain, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia (EAJ) eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua zeuden.

"San Martzial egunean, Alardearen ospakizunetan parte hartu duten irundar guztiei harrera egin diegu San Juan plazan. Izan dadila gaurkoa urrats berri bat, herritarrak festaren inguruan batu eta elkar ulertzeko bidean", nabarmendu du Mendozak.

Normaltasuna izan da nagusi gaur goizean, eta hainbat ordezkari politiko eta instituzional ere hurbildu dira Irunera, berdintasunezko parte-hartzea defendatzen duten emakumeei babesa ematera.

EH Bilduko ordezkariak ere izan dira, tartean Maddalen Iriarte koalizioaren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea, eta nabarmendu du gero eta gehiago direla "alarde publiko, berdintasunezko eta bakarraren aldeko ahotsak". Ildo horretatik, eskerrak eman dizkie 1997tik "bidea urratzeagatik" lanean ari direnei.

Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak ere ildo beretik hitz egin du, eta esan du azken urteetan aurrerapausoak eman diren arren, beharrezkoa dela "erakunde publiko guztiek eta Irungo Udalak urrats garrantzitsuak ematen jarraitzea". "Irun adibide bat izan daiteke Euskadin jaiak berdintasunez gozatzeko bidean aurrera egiteko. Gainera, eskuin muturra atzera egiten eta emakumeei eskubideak kentzen tematuta dagoen honetan ", azpimarratu du.

Gainera, Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako buruak adierazi duenez, "erabateko berdintasuna gizonek eta emakumeek alarde bera partekatzen dutenean emango da, ezin baita berdintasunetik kanpoko esparrurik egon, ezta jaiik ere".

Jai honekin, Irunek 1522ko ekainaren 30ean Frantziako soldaduei irabazi izana oroitzen dute.