Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistak lau emakume eta bi adingabe hil ditu 24 orduan

Agentziak | EITB MEDIA

Andaluzian hiru emakume hil dituzte bi krimen matxistatan, Zafarrayan (Granada) eta Fuengirolan (Malaga). Beste hilketa Las Pedroñeras udalerrian (Cuenca) izan da.

  • Hilketa matxistetako bat izan den lekua. Argazkia: EFE

    Hilketa matxistetako bat izan den lekua. Argazkia: EFE

Indarkeria matxistak lau emakume eta bi adingabe hil ditu 24 ordu baino gutxiagoan Espainiako Estatuan.

Andaluzian hiru emakume hil dituzte bi krimen matxistatan, Zafarrayan (Granada) eta Fuengirolan (Malaga).

34 urteko gizon batek haren bikotekidea, 20 urteko neska bat, eta horren ama, 49 urtekoa, hil ditu larunbat honetan Granadan.

Gizonak eskopeta batekin hil ditu bi emakumeak haien etxean, Guardia Zibilak jakitera eman duenez.

Gainera, 76 urteko emakume bat itota topatu dute Fuengirolan (Malaga). Polizia Nazionalak haren bikotekidea atxilotu du, ustezko hiltzailea delakoan.

Beste hilketa matxista Las Pedroñeras udalerrian (Cuenca) izan da. Guardia Zibilak emakume baten eta haren bi seme-alaben gorpuak aurkitu ditu kutxa batean sartuta.

Emakumearen bikotekidea, eta seme-alaben aita, atxilotu dute gertakarien ustezko egile gisa. Gorpuak eraildako emakumearen ondoko etxebizitza batean aurkitu dituzte. Agenteek odolez betetako labana bat eta hainbat arropa topatu dute.

Krisi batzordea astearterako

Testuinguru horretan, Ana Redondo Berdintasun ministroak krisi batzordea deitu du astearterako, azken orduotan izan diren hilketa matxistak direla eta.

Redondok adierazi du egun "lazgarria eta oso gogorra" dela. Ildo horretatik, hausnartzeko gonbita egin die herritarrei, "arazo handi hau desagerrarazteko" gizarteak bere esku dituen baliabide eta mekanismo guztietan aurrera egiteko unea dela iritzita.

"Krisi batzordea deitu dugu, azken orduotako hilketak aztertzeko", adierazi du Redondok, eta aitortu du "atsekabetuta" dagoela gertaera lazgarri horiengatik.

"Egun oso gogorra da, eta gure elkartasuna helarazi nahi diegu biktimen familiei eta haien gertukoei", gaineratu du ministroak. Testuinguru horretan, gizartean urte asko errotuta daramatzan matxismoaren aurkako borroka beharrezkoa dela azpimarratu du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.